Bizkaia

Albisteak

Aldundiak, gizarte zerbitzuen kaltetan, azpiegituren gastua handitzen jarraitzen duela azpimarratu du EH Bilduk


Azpiegituretara bideratutako inbertsioak %16 gora egin duen bitartean, Gizarte Ekintzara bideratutakoa %1 hazi da bakarrik

| 2020-11-13 09:29:00

Irailera arteko aurrekontuaren betearazpena argitaratzearekin batera, EH Bilduk azpimarratu du Bizkaiko Foru Aldundiak, pandemiaren erdian, azpiegituretara bideratutako gastua lehenesten jarraitzen duela gizarte zerbitzuen kaltetan.

“Urte honetan, orain arte, Aldundiak azpiegituretarako gastua lehenesten jarraitu du pandemiaren erdian beharrezkoak diren beste arlo batzuk kaltetuz. Arduraz ikusten dugu nagusien egoitzek inbertsio garrantzitsu bat behar duten unean Gizarte Ekintzaren gastuak %1 bakarrik egin duela gora, azpiegituretara bideratutako %16 igo den bitartean”, adierazi du Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak.

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak 4,5 milioi gehiago bideratu ditu Gizarte Ekintzara azpiegituren gasturako 18,8 milioi euro gehiago bideratu diren bitartean.

EH Bilduko batzarkidearentzat datu horiek agerian uzten dute zeintzuk diren Aldundiaren lehentasunak. “GUFE-ko egoitzei bi milioi euro gehiago bakarrik ematen dizkiete eta udal egoitzei eta irabazi-asmorik gabeko instituzioek ikusi dute ez dutela diru gehiagorik jasoko nahiz eta langile eta Norbera Babesteko Ekipamendu gehiago behar izan”.