AKTUALITATEA


| 2020-01-29 11:52:00

EH Bildu Bilboko kideok urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egiten dugu, arrazoi nahiko ditugulako Bilbon grebarako. Bilboko alkateari, Juan Mari Aburtori, data aldatzeko eskatu genion beste leku batzuetan, adibidez Donostian, egin duten bezala. Baina Aburtok ezetz esan digu. Hori dela eta, gure mozioak erretiratu ditugu eta soilik HAPOaren eztabaidara joango gara bihar; izan ere, herritarren eta elkarteen alegazioak eztabaidatzen dira eta HAPOak gure hiriko urigintzaren eredua ezezik, eredu sozio-ekonomikoa baldintzatuko du epe luzean.

Nahiz eta HAPOa egiten ari zirenean hainbat itxaropen sorrarazi zituzten, lurreratzen joan den heinean, argi gelditu da ez duela inolako aldaketarik ekarriko eta, horregatik, hiri eredu berri bat lortzeko geneukan ilusioa guztiz itzali du. Proposatzen diguten HAPOak beti egin duten apustua sakontzen du, hau da, berriro ere merkatuaren, eleizaren eta interes pribatuen menpe dago, gainera, badirudi eliza higiezin-sustatzailea bihurtu dela. Aldiz, ez ditu gure auzoetako bizilagunen beharrizanak asetzen, etxebizitza eta ekipamendu publikoen eta gune berdeen beharrizanak, alegia. 

Zertaz hitz egiten ari gara? Udal Gobernuaren apustua etxebizitza berri gune handiak sortzea da, birgaiketaren alde edo leheneratzeko dauden zonaldeetan etxebizitzaren aldeko apustua egin beharrean. Zehazki, udal gobernuak hurrengo 25 urtetan 16.409 etxebizitza berri egitea aurreikusten du, biztanleriaren hazkunderik aurreikusten ez denean. Gainera, ez du kontuan hartzen Bilbon, orain dela gutxi egindako udal ikerketa baten arabera, 5.453 etxebizitza huts ditugula, erroldatze barik eta ur eta argiaren kontsumo barik eta merkatura berriro atera daitezkeenak.

Baina milaka etxebizitza horietatik soilik %18ak izango dute babes izaeraren bat, eta horietatik oso gutxi izango dira alokairu sozialerako. %16a tasatuak izango dira, nahiz eta jakin badakigu tasatuen balioa egun merkatuaren baloretik hurbil dagoela. Gainerakoak libreak izango dira.

Udalak Bilbon etxebizitzari buruz egindako ikerketak honakoa adierazten du: bilbotarren %70ak babestutako alokairuzko etxebizitza behar dute. Hala ere, udal gobernuak ez ditu herritarren beharrizanak asetzen, eta etxebizitza librearen eta makro operazioen alde egiten du, dauden espazioak suntsituz eta aukerazko espazio eskasak deseustatuz (Zorrotzaurre, Punta Zorrotza, Elorrieta eta Boluetan, batez ere)

Eredu honek EH Bildu Bilbok defendatzen dugun ereduarekin talka egiten du. EH Bilduk alokairuzko etxebizitza publikoaren aldeko apustua egiten dugu. Gure galdera da, EAJ-PSEk proposatzen duen ereduarekin, non biziko dira Bilboko gazteak eta ez hain gazteak? Kontuan hartu behar da, gainera, bilbotar askok lan prekarioak dituztela. Politika hauekin bilbotar asko Bilbotik kanpo joatera kondenatzen dituzte, izan ere, Bilbon ezin dute etxebizitza bat eskuratu.  

95. urteko plangintzarekin gertatu zen bezala, egungo HAPOak hiriko erdigune eta auzoen arteko ezberdintasunak areagotzen ditu.

Biharko Osoko Bilkuran 265 alegazioekin eta 21 sektore-txostenekin talde erredaktoreak egindako txostena  eztabaidatuko da. Udal Gobernuak proposamen pribatu, enpresa eta elizaren proposamen gehienak onartzen ditu. Aldiz, auzokideen edota kultur eta elkarte sozialen proposamen gehienak bertan behera uzten ditu, hau da, auzoen beharrizanak asetzea eskatzen duten alegazio gehienak deuseztatzen ditu. Lotsagarria eta onartezina da.

Bestalde, espazio libreari dagokionez, plangintzak mendi-hegalean eremu handiak ditu Pagasarri mendian Peñaskalen edo Artxandan tunelen gainean, hiri parkeak izango balira bezala. Hori guztia biztanleko metro karratu berdearen ratioak betetzen dituztela esateko. Baina oso zaila da legea betetzea Bilbok dituen hiri espazio libreekin.

Aldaketa klimatikoari aurre egiteari buruz eta Bilbo jasangarriak duen garrantziari buruz asko hitz egiten da. Baina errealitatea bestelakoa da. Bilbon Pagasarri soilik dugu aisialdiko gune librea eta oso erabilia dago. Gainera hemen daukagu Zabalgarbi, Super Sur-aren handitzea eta harrobiak funtzionatzen jarraitzen du. Azken ideia Pagasarri zementatzea izan da, inoren iritzia kontua hartu barik. Bitartean Iparreko mendi-hegalerako ez dago proposamenik. Udal gobernuak ez du espazio berdeak berreskuratzearen aldeko inolako apusturik egiten.

Bilbok eraldaketa handia izan du, horregatik, orain auzoei merezi duten protagonismoa emateko garaia zela pentsatzen genuen eta pentsatzen dugu,  auzoetan espazio berdeak,  kultur eta kirol ekipamenduak eta alokairuzko etxebizitza sozialak jartzeko garaia eta auzotarren eskaerei erantzuteko garaia, hain zuzen ere. Hori da EH Bilduren apustua baina, ez, ordea, udal gobernuarena, beste behin ere enpresen eta elizaren interesak defendatzen ditu eta auzoen eta herritarren  aldarrikapen eta zor historikoei erantzuteko aukera aukera ederra galdu du.