AKTUALITATEA


| 2021-05-25 10:02:00

EH Bildu Bilbok mozio bat aurkeztu du biharko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, pandemiak Bilboko arte-adierazpeneatan sortutako egoeraren diagnostikoa egiteko eskatu du, hainbat eragilerekin harremanetan eta lankidetzan (profesionalak, amateurrak, elkarteak, akademiak, etab.), egungo eta etorkizuneko egoerak eta beharrak ezagutzeko eta Udalak neurriak ezartzeko.

Era berean, kultura eta hezkuntzarako udal laguntzen esparruan, promesa artistiko diren gazteei zuzendutako ekimenak abian jartzea aztertzeko eskatu du.

Ildo beretik, Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaileak proposatu du, profesionalek eta amateurrek egiten duten lan garrantzitsua kontuan hartuta, hau da, tokiko kulturaren erakusle eta oinarri direla, horiek aitortzea eta balioan jartzea dagozkien adierazpen artistikoak (antzerkia, dantza, musika, abesbatza…) ospatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Goirizelaiak gogoratu duenez, pandemiak ondorioak izan ditu esparru guztietan, eta bereziki Bilboko eta Euskal Herriko kultur esparruan. Iazko martxoan konfinamenduarekin, dantzara, antzerkira, musikara, edo beste adierazpen artistiko batzuetara dedikatutako pertsonek, elkarteek, akademiek "ezohiko egoera batera egokitu behar izan zuten, horretarako asmamen dosi handiak erabiliz, horrek ekarri duen kostuarekin eta zailtasunekin".

Egia da gaur egun presentzialtasuna berreskuratu ahal izan dela, baina, Goirizelaiak esan duenez, egoerak "zaila izaten jarraitzen du diziplina artistiko desberdinentzat, segurtasun-arauek jarduera mugatzen dutelako (edukiera, distantzia, etab.) eta zenbait jarduera oraindik ezin direlako gauzatu”. "Abesbatzek, antzerki taldeek, akademiek, ikuskizunetako teknikariek edo laguntzaileek egoera ezohikoan eta prekarioan jarraitzen dute", gaineratu du.

Goirizelaiak azaldu duenez, Bilbao Aurreraren esparruan, kultur sektoreari laguntzeko neurriak hartu dituzte, ordezkari politiko guztien artean adostuta, baina "ezinbestekotzat" jo du "orain, urtebeteko salbuespen egoeraren ondoren", arte diziplinen egoera aztertuko duen diagnostiko integrala egitea, "horrela, ondoren, egoera iraultzeko beste neurri batzuk ezarri ahal izateko".