AKTUALITATEA


| 2020-01-22 15:10:00

 

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, Misericordiako aterpea martxan ez dela jarriko jakinarazi du gaur. Horrek, EH Bildu Bilboren ustez, “Aburtoren diskurtso soziala bertan behera uzten du”.

Bruno Zubizarretak, EH Bildu Bilboko zinegotziak, gogoratu duenez, aurreko legealdiaren bukaeran, Misericordian aterpe bat irekitzeko inbertsio bat aurreikusi zen, baina legealdiaren bukaeran ez zen martxan jarri.

Hori dela eta, azaldu duenez, 2020ko aurrekontuak azaltzeko Juan Ibarretxek, Gizarte Ekintza Saileko zinegotziak, egindako agerraldian, horri buruz zer asmo zuten galdetu zion EH Bildu Bilbok. “Erantzuna ez zen argia izan, koste altuei eta bideragarritasun planei buruz hitz egin zuen. Horregatik, udal gobernuak proiektu hori martxan jartzeko asmorik ez zuelaren susmoa geneukan”, azaldu du.

Zubizarretak adierazi duenez, “zoritxarrez” gaur alkateak “gure susmoak baieztatu ditu eta etxegabeko pertsonentzat Misericordiako aterpea ez dutela egingo esan du, ustez, kontuek ez dutelako ematen”. “Berriro ere EAJk zerbitzu sozialak kosteekin lotzen ditu, gizartearentzako inbertsio bat  egiteari buruz hitz egiten gaudenean”, salatu du.  

Ildo horretan, esan duenez,  “atzo Aburtok agintaldi planaren aurkezpenean, bazterketaren kontra lan egiteak duen garrantzia azpimarratzen zuen bitartean, gaurko albisteak argi uzten du ez duela esandakoa betetzen eta egoera txarrenean dauden pertsonak ez direla bere lehentasuna”, gaineratu du.

Gainera, bere esanetan, “Misericordiaren aterpea ez dela egingo esaten digute, orain dela gutxi Montañoko aterpea itxi denean. Aterpe horrek 90 ohe zituen eta migranteen harrera sarearen aldarrikapenei esker sortu zen”. “Bi albiste horiek argi uzten dute gero eta baliabide gutxiago daudela”, gaineratu du.

Zubizarretak adierazi duenez, “beste ekimen batzuetarako udal gobernuak nahi beste diru gastatzen du, esate baterako, Eurocopara bi milioi euro bideratuko ditu”.  “EH Bildu Bilbotik egoera txarrenean dauden pertsonei zuzendutako baliabideak defendatzen jarraituko dugu, guretzat ezinbestekoa delako pertsonak erdigunean kokatzea”, nabarmendu du.