AKTUALITATEA


| 2022-03-31 14:10:00

EH Bildu udal taldearen ekimenez, Bilboko Udalak jardunaldi batzuk egingo ditu transexualen errealitatea jorratzeko hainbat arlotan: arlo sozialean, lan arloan edo arlo juridikoan, eta, era berean transexualen ikusgarritasunaren aldeko kanpainak indartuko ditu. Udalak erabaki hori hartu du, gaur, Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunean, EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa bat onartu ondoren, alderdi subiranistaren mozio baten ondorioz.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, trans pertsonen aurkako diskriminazioa “etengabea izan da gaur egun arte, eta sistema zibeteronormatiboan eta pertsona eta kolektibo horiekiko sustatzen dituen aurreiritzietan oinarritzen da”.

Hala, adierazi duenez, Espainiako Estatuan 16 eta 24 urte bitarteko trans pertsonen % 58k transfobia jasan dute eskola-garaian; trans emakumeen % 10ek kalean lo egin behar izan dute bizitzan behin gutxienez, eta % 16k senideen edo lagunen etxeetan hartu behar izan dute ostatu aldi baterako. Era berean, emakume transen % 77k diskriminazioa jasan du lana bilatzeko orduan.

Horregatik, bere ustez, administrazioek, bere eskumenen esparruan, bermatu eta sustatu egin behar dute transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eskubidea. Bilbon eman diren urratsak nabarmendu ondoren, hala nola, trans banderaren koloreak dituen bankua edo ‘Una voz para Erauso. Epílogo de un tiempo trans’ erakusketa Azkuna Zentroan, EH Bilduk urrats bat gehiago ematearen alde egiten du, Bilbo trans kolektiboko hiri aliatua dela aldarrikatzeko.

Horregatik, esan duenez, “transexualei beraiei ahotsa ematea, libreki adierazten dutena entzutea eta haien bizipenak partekatzea proposatzen dugu, modu horretan beste ikuspegi bat izango dugulako eta bilbotarrek transen kolektiboarekiko duten begirada asko aldatuko direlako”.

Horrela, pozik agertu da lortutako akordioagatik; izan ere, “osoko bilkura honetatik gizarteari mezu argia bidaltzen ari gara: Bilbo hiri transinkusiboa da, harroa eta konprometitua, eta gure kaleetan ez dago ez gorrotorako ez transfobiarako lekurik”.