AKTUALITATEA


| 2022-03-31 19:09:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eskatuko dio gas naturalaren azken baliabideko tarifaren arauak berrikusi ditzala, galdara komunitarioak dituzten etxebizitzek azken errekurtsoko tarifa arautuan sartu ahal izateko, gasaren faktura murrizteko.

Alba Fatuartek EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “kezkagarria” da azken hilabeteetako energiaren prezioen igoera, Ukrainaren inbasioaren eta Errusiari ezarritako zigorren ondorioz oraindik gehiago igo dena, hain zuzen ere. Bere esanetan, egia da igoera, alde batetik, bizi dugun testuinguruak baldintzatu duela, baina, bestetik, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren araudiak egoera “larriagotu” du galdera komunitarioak dituzten etxebizitzen kasuan, izan ere, urriko ebazpen batek azken errekurtsoko tarifa araututik kanpo uzten ditu urtean 50.000 Kwh baino gehiagoko kontsumoa duten instalazioak.

EH Bilduko zinegotziak ohartarazi duenez, arau-aldaketa horren ondorioa “larria eta agerikoa izan da, izan ere,  galdara komunitarioak dituzten familien gas-fakturak 400, 500 eurokoak izaten ari dira”. Gainera, esan duenez, horietariko asko babes ofizialeko etxebizitzak dira, horietan ohikoak baitira galdara komunitarioak. Adibide gisa, Etxebideko etxebizitzetan birkotatu zituzten Peñascaleko bizilagunak aipatu ditu, “150 euroko alokairua ordaintzen duten bitartean, 300 eurotik gorako fakturak ordaintzen dituzte eta gastu horiek, jakina, ezin dituzte beren gain hartu”.

"Egoera hau pairatzen ari diren familia asko egoera zaurgarrian daude.  Galdara-sistema indibiduala duten etxebizitza eta familiek tarifa arautuak erabili ahal dituzten bitartean, galdera komunitarioak dutenak ezin dute. Bereizketa horren ondorioz, egoera bidegabeak sortzen ari dira, inolako justifikaziorik gabe", gaineratu du.

Horrela, oso garrantzitsutzat jo du lortutako akordioa; “galdara komunitarioak dituztenen egoera arintzeko urratsak egitea ekarriko du, izan ere, horren bidez, Trantsizio ekologikorako ministerioari bere akatsa zuzentzeko eskatzen diogu, azken batean Espainiako gobernuaren ardura da eta”.

Bestalde, azaldu duenez, emendakinaren onarpenarekin, Bilboko Udalak energia berriztagarrien erabilera eta energia-eraginkortasuna toki mailan sustatzen dituzten jarduketak indartzeko konpromisoa hartu du, energia-komunitate eta kooperatiben bitartez, energia-trantsizio justua eta energia aurreztea mesedetzeko.