AKTUALITATEA


| 2022-09-19 13:37:00

Jone Goirizelaia EH Bildu Bilboko udal taldeko bozeramaileak zalantzan jarri du Bilboko Udalak Bizkaia Dorrearen nazioarteko ekintzailetza-zentroan egindako ia zortzi milioiko inbertsioa bilbotarren gehiengo sozialaren mesedetan izango ote den. “Proiektu honek iraganeko errezetei erantzuten dio, eta uste dugu ez duela balioko bizi dugun krisi ekologiko, energetiko eta sozioekonomikoari aurre egiteko. Bilbon 20.000 pertsona baino gehiagok langabezia kronikoa pairatzen dute”,  gaineratu du.

Esan duenez, proiektu hori “oso garesti atera zaigu bilbotarroi”; izan ere, lehenik eta behin, Udalak 3,9 milioi euro gehitu behar izan zizkion hasieran esleitutako 3,7 milioiko udal-ekarpenari, prozeduraren aldaketa baten ondorioz. “Ondoren, lehiaketa hutsik geratu ostean, iragarri zen proiektuak 11,5 milioi euro gehiagoko kostua izango duela, 26,5 milioira iritsi arte. Eta diru hori herritarrok gure gain hartu dugu. Benetako zentzugabekeria, are gehiago egungo egoeran”, kritikatu du.

Goirizelaiak esanetan, Bizkaia Dorrearen proiektuaren inguruko prozesuan “gardentasun falta nabaria izan da eta diru publikoaren tamaina horretako inbertsioa justifikatzeko argudiorik ez da egon”.

"Eta oraindik proiektu honek ziurgabetasun asko sorrarazten ditu. Nahiz eta batzuek ekintzailetza faro deitu, ez dakigu faro horrek nor argituko duen”, esan du.