AKTUALITATEA


| 2022-10-07 11:58:00

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du urrian egingo den Osoko Bilkurarako. Mozio horretan, Bilboko Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomoaren Zuzendaritza Kontseiluari eskatzen dio ken dezala etxebizitza eskuragarrien kupo espezifikoa 15.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateentzat. Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, neurri horrek “desberdintasun handiagoak sortzen ditu Bilboko udal-etxebizitzen eskatzaileen artean, % 75a ez baita errenta-maila horretara iristen”.

Ildo horretan, zehaztu duenez, Udal Etxebizitzetako azken memoriaren datuen arabera, “udal-etxebizitza eskatzaileen % 26a soilik dago errenta-maila horren gainetik, eta, beraz, eskuragarri dauden bi bizitegi-baliabidetik bat errenta altuagoak dituen gutxiengo bati esleituko zaio, Bilbon etxebizitza soziala eskatzen duten pertsona gehienen kaltetan”.

Halaber, ohartarazi duenez, Udal Etxebizitzak Toki Erakunde Autonomoaren Zuzendaritza Kontseiluak atzo, EH Bilduren kontrako botoarekin, onartu zuen aldaketa horrek, “esleipen-sistema okertu egiten du, lehentasunezko arretako kolektiboei zuzenean kalte egiten baitie, hau da, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei, desgaitasun fisikoa duten pertsonei, guraso bakarreko familiei, 35 urtetik beherako gazteei eta 70 urtetik gorakoei eragingo die”.

Azkenik, gogorarazi du 2020-2023 Udal Etxebizitzen Plan Estrategikoan jasotako hirugarren ardatz estrategikoa oraindik indarrean dagoela: «Etxebizitza erabiltzea kolektibo kalteberak eta espezifikoak gizarteratzeko tresna gisa (COVID-19aren ondoriozko krisiak eragindako pertsonei/familiei arreta partikularra ematea )».

Hortaz, Fatuarteren esanetan, kupo berri horren sorrera “erakundeak berak ezarritako estrategiaren ildoak jarraitu beharrean, kontrako norabidean doa”. “Gainera, desberdintasunak areagotzen ditu eta esleipen-sistema okertu egiten du, Bilbon etxebizitza behar duten pertsonen artean desoreka sortuz”, nabarmendu du.