AKTUALITATEA


| 2022-01-27 12:40:00

Jone Goirizelaiak, EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak, gaur salatu duenez, EAJ-PSE udal gobernuak “bizkarra eman die bilbotarrei”, uko egin baitio Bilboko auzo bakoitzean lehen mailako arretaren egoerari buruzko azterlan bat egiteko alderdi soberanistaren proposamena onartzeari, arreta hori indartzeko neurriak ezartzeko helburuarekin.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, Bilboko bizilagunek, sindikatuek eta sektoreko profesionalek aspalditik salatu dituzte osasun publikoaren murrizketak, eta, baliabide falta dela eta, lehen mailako arretak huts egin dien pertsonen esperientziak kontatu ditu.

Horregatik, esan duenez, “funtsezkoa” da gure auzoetako lehen mailako arretaren egoerari buruzko azterlan bat egitea, “baina hori ezinezkoa izan da, EAJ eta PSE gobernukideek gure proposamenari ezezkoa eman diotelako”. “Horren ordez, zuzenketa bat aurkeztu dute eta, horretan, funtsean, orain arte egindakoaren jarraitu nahi dute,  horren emaitza jakina denean: profesionalak lanez gainezka eta osasun publiko kolapsatua, kalitatezko arretan emateko gaitasunik gabe”, salatu du.

Haren ustez, “eskumen-aitzakiek ez dute balio”; izan ere, “hori ez da eskumen-arazoa, borondate politiko arazo bat da, kalitatezko osasun publikoa eskatzen duten bilbotarrei erantzuteko borondatea badago, egin daiteke”. “Herritarren aldarrikapenei erantzutea erakunde publiko guztien eskumena eta erantzukizuna da, eta, jakina, baita Bilboko Udalarena ere”, gaineratu du.

Goirizelaiak adierazi duenez, Osakidetzaren egoerak pandemiaren ondorioz okerrera egin badu ere, arazo hau aspalditik dator, egiturazko arazoa da, Eusko Jaurlaritzak aplikatu izan dituen murrizketen ondorioz.

“Egoera horren aurrean, premiazko neurriak hartu behar dira, eta lehentasunezkoa da gure auzo guztietan lehen mailako arreta indartzea. Hori dela eta, albiste txarra da bilbotar guztientzat gaur osoko bilkuran akordiorik lortu ez izana, asko dugulako jokoan, etorkizuneko osasun publikoa dugu jokoan, hain zuzen ere“, nabarmendu du.  “EAJ eta PSEko kideak lasai joango dira euren etxeetara, osasun publikoaren egoera kontuan hartuta, gure auzoetako lehen arreta hobetzeko proposamen honi ezetza eman ostean?”, galdetu du.