AKTUALITATEA


| 2019-10-23 13:58:00

Jone Goirizelaiak, EH Bildu Bilboko bozeramaleak, Bilboko Udal Gobernuari “bilbotarron osasunarekin ez jokatzeko” eskatu dio eta, gaineratu duenez, lindanearen gaia dela eta, Udal Gobernuaren “jarrera arduragabearen ondorioz, bilbotar guztiok zigorrak gure gain hartu beharko ditugu”.

Goirizelaiaren esanetan, EH Bilduren ustez “sinestezina da, baina batez ere justifika ezina Bilboko Udalak ez erantzutea” Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Enekurin agertutako lindaneari buruzko galderei.

“Erakunde arteko harremana oinarrizko printzipio bat da, are gehiago kolaborazio hori bilbotarren osasunean eragina duen gai bati buruzkoa denean eta, kasu horretan, kolaborazio hori eraginkorra izateko arina izan behar da”, gaineratu du.

EH Bildu Bilboko bozeramaleak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren agerraldi baten ostean “jakin izan dugu behintzat hiru aldiz eskatu diola lindaneari buruzko informazioa  Bilboko Udalari, eta honek ez duela bidali. Aldiz, informazio hori eskatu zaien beste udal batzuek jarraian bidali izan dute, horren garrantziaz jabetuta”.

“Jendartea ingurumenaren zaintzaz hain arduratuta eta mobilizatuta dagoenean, eta  talde ekologistak lindanea bezalako isurketen arriskuaz ohartarazten ari direnean, Bilboko Udal Gobernuak ezin du beste alde batera begiratu, zeozer egin behar du eta, kasu honetan jarrera zuzena bizkor erantzutea izango litzateke”, azpimarratu du.

Horregatik, EH Bilduk honako galderak egin dizkio Udal Gobernuari: “noiz jaso zituen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren eskaerak eta komunikazioak? Nork jaso zituen? Zergatik ez dira erantzun eta nork erabaki du ez erantzutea? Udal Gobernuak ba al zekien ez dela eskatutako informazioa helaraziko? eta erabaki horrekin ados egon da?”

Era berean, eskatutako informazioa bidaltzea pentsatzen duen eta noiz egingo duen galdetu dio Bilboko Udal Gobernuari EH Bilduk. “Horrez gain, Bilbon lindanea agertu dela kontuan hartuta ze ekintza aurreikusten duen galdetu diogu”, gaineratu du Goirizelaiak.

“Ezin da hiritarren osasunarekin eta diruarekin jolastu, horregatik garrantzitsua da Bilboko Udalak hiritarren galderei ahalik eta arinen erantzutea”, nabarmendu du.