AKTUALITATEA


| 2022-11-18 13:38:00

Bilboko EH Bilduko udal taldeak, azaroko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Udal Gobernuari eskatu dio “Parkean euskaraz” egitasmoa abian jarri dezan, Bilbon euskararen kale erabilera handitzeko asmoz.

Alba Fatuartek, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, Soziolinguistika Klusterrak egindako 2021eko Hizkuntza erabileraren kale-neurketaren emaitzen arabera, Bilbon euskararen kale erabilera %3,5ekoa da, duela 10 urte %4,3koa zenean, hau da, euskararen presentzia Bilboko kaleetan txikiagoa da gaur 90eko hamarkadan baino. Honek, bere esanetan, “kezka handia” sortu du Bilboko euskaldunon komunitatean eta horregatik “erabakiak hartzeko unea heldu” dela nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak.

Ildo horretan, azaldu duenez, Soziolinguistika Klusterraren ikerketaren emaitzen arabera, euskararen kale erabilera askoz handiagoa da haurren presentziaren arabera. “Hala, haurrak eta nagusiak elkartzen direnean euskararen presentzia %8,6koa da. Aitzitik, haurrek bakarrik euren artean hitz egitean %3,8ak egiten dute euskaraz eta nagusien kasuan, erabilera haurrekin daudenean baino bost aldiz txikiagoa da”, adierazi du.

Ikuspegi horretatik, “Parkean euskaraz” programa martxan jartzea proposatu du EH Bilduk, zeinen helburua nagusiek haurrekin batera kalean euskaraz jolas egitea da. “Jarduera hau ez dago soilik haurrei bideratuta, guztiek heldu batekin parte hartzea delako programaren gakoetako bat”, zehaztu du.

Fatuartek azaldu duenez, guraso euskaldunek, sarritan, ez dute behar adina baliabide seme-alabekin kalean euskaraz jolas egiteko, eta, aldi berean haur eta gazteek ez dute bizitasuna aurkitzen euskaraz lagunartean komunikatzeko garaian eta hau nahiko txikitatik hasten den prozesua da.  Gabezia horri aurre egiteko sortuko litzateke EH Bilduk proposatutako egitasmoa, izan ere, hizkuntza ez formala sustatzeko oso baliagarria da eta euskara kalera ateratzeko modu bat da.

EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du mozio hori Euskaraldiaren aste betean eztabaidatuko dela, eta guztion artean gure hirian euskararen erabilera sustatzeko akordio batera iristea espero duela.