AKTUALITATEA


| 2021-05-13 13:04:00

EH Bildu Bilbok Xabier Otxandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziaren agerraldia eskatu du Bilboko Udalak Merkatu eta Eskumenen Batzorde Nazionalak zigortutako enpresa aholkulariekin duen harremana azaltzeko, baita zigor horiek udal eremuan izango dituzten ondorioak azaltzeko ere.

Era berean, alderdi subiranistak galdera sorta bat erregistratu du, hainbat gai argitzeko. Ildo horretan, besteak beste, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea, MEBNk 2019az geroztik irekitako zigor-prozesu bat zegoela kontuan hartuta, aholkularitza-enpresa horiei kontratuak esleitzen jarraitu zuen.

Ildo berean, etorkizuneko esleipen prozesuetan aipatutako aholkularitza enpresen inguruan neurriren bat hartzeko asmoa duen argitzeko eskatu dio, izan ere, EH Bilduren ustez, "neurriak hartu behar dira horrelakorik berriro gerta ez dadin".

EH Bilduk gogorarazi duenez, zigortutako enpresen artean Udalak kontratu ugari egin dituen batzuk daude. "Agerikoa da enpresa horien praktika irregularra eta iruzurrezkoa, Udal Gobernuak horren inguruko azalpenak eman beharko ditu. Gardentasuna eta horrelako jarduerak saihesteko neurriak eskatzen ditugu ", gaineratu du.