AKTUALITATEA


| 2020-06-15 12:22:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak hiriaren sorreraren urteurrena ospatzeko bandera jasotzeko ekitaldian parte hartu du gaur, eta aurten COVID 19ko biktimak gogoratu dituzte, minutu bateko isilunearekin. Jone Goirizelaiak, EH Bildu BIlbo udal taldeko bozeramaileak, elkartasuna adierazi die coronavirusaren ondorioz maite duten pertsonaren bat galdu duten pertsona guztiei.

Goirizelaiaren esanetan, koronabirusaren ondorioz sortutako egoerak agerian utzi du, "beste hiri eredu baterantz aurrera egiteko beharra, etorkizuneko Bilbo berri baterantz, non auzotarrak izango diren lehentasuna, Bilbo bidezkoagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa, feministagoa eta erabakiak hartzeko prozesuan parte-hartzaileagoa, hain zuzen ere".

EH Bildu udal taldeak bilbotar guztiak ordezkatzen dituen banderaren igoeran eta “politika publikoaren sinboloa” den Beteluriko bankuaren aurrean egindako omenaldian parte hartu du. EH Bilduk azpimarratu duenez, "zoritxarrez, Beteluritik ekarritako bankada Seberetxen gaur egun lehertzen ari diren harriekin eginda dago, zentzurik gabeko makro-proiektu batean aurrera egiteko". Bestalde, aurten ez da lore-eskaintzarik egingo Diego Lopez de Haroren estatuaren aurrean; EH Bilduren ustez, estatua hori "gerlari feudal bat gogorarazten duen iraganeko aztarna bat da, gure garaiekin bat ez datorrena".

COVID 19ak sortutako egoerak ondorio sozio-ekonomiko garrantzitsuak izan dituela eta izango dituela azaldu du Goirizelaiak eta, hori dela eta, Bilboko Udalak “bere politika eta lerro estrategikoak birplanteatu behar ditu, antzinako errezetak bertan behera utzi eta pertsonak erdiguneak jarriko dituen beste eredu bat adostu”.

Adibidez, “orain HAPO berria tramitatzen ari denean,  ezin da sakondu zaharkituta dagoen eredu batean, oraindik ere interes pribatu handien zerbitzura dagoena eta auzoen beharrei erantzuten ez diena”, adierazi du. Horren aurrean, "EH Bilduk alokairuko etxebizitza publikoak, berdegune handiak eta hurbileko oinarrizko ekipamenduak lehenetsiko dituen eredu baten alde egiten du".

"Mugikortasun iraunkorra eta kolektiboa ezarri behar dugu, eta alokairuko etxebizitza publikoa handitu, sustapen pribatuaren aurrean", eta, gainera, "Bilbo euskaldun, feminista eta integratzailearen aldeko apustua egiten dugu, herritarren parte-hartzea bermatuko duena", azpimarratu du.