AKTUALITATEA


| 2021-05-20 11:05:00

EH Bildu Bilbok,  maiatzeko Osoko Bilkurara aurkeztutako mozio baten bidez, Bilboko Udalari eskatu dio Kutxabanki eta bertan dauden gainerako banketxeei eska diezaiela beren bulegoetan arreta presentziala bermatzeko, eguneroko ordutegietan, bezeroei arreta egokia emateko, behar dituzten banku-izapide guztiak egin ahal izan ditzaten.

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, adierazi duenez, bankuak bulegoak sistematikoki ixtean ari dira eta horrek kalte handiak eragiten ditu herritarrengan, batez ere adinekoengan; izan ere, askotan, ilara handietan itxaroten egon behar izaten dira banku-zerbitzuak eskuratzeko edota beste auzo batera joan behar dira arreta presentziala jasotzeko.

Gogorarazi duenez, Kutxabank Publikoa plataformak, Pentsionistak Martxan erakundearen bitartez, eskaera hori herri-mozio baten bidez martxoko Osoko Bilkuran aurkeztu zuen. Pentsiodunen elkarteak, berriz, hainbat mobilizazio egin ditu, eta gutun bidez eskatu die finantza-erakundeei adineko pertsonentzako arreta espezifikoko leihatilak irekitzeko, zerbitzuak berrezartzeko eta komisioen ezarpen gero eta handiagoa murrizteko, besteak beste.

Arangoitiko bizilagunak ere mobilizazio batzuk egiten ari dira auzoko banketxeen itxiera salatzeko; izan ere, 5.000 biztanle eta irisgarritasun txarra izan arren, sukurtsalik gabe geratu dira eta horrek kalte handiak eragiten die auzo horretako bizilagunei.

Goirizelaiak gogorarazi duenez, “Kutxabank aurrezki-kutxen finantza-gaitasuna indartzeko eta handitzeko konpromisoarekin sortu bazen ere, urteen poderioz aurrezki-kutxek herrialdearekiko eta gertuko zerbitzuarekiko hurbiltasuna murriztu dute, eta erakunde bihurtu dira, banku pribatu baten egitura juridikoa ez ezik, haren praktikak ere bere gain hartu baititu”.

"Denborak aurrera egin ahala, bankua herritarrenganako arreta gero eta gehiago mugatzen hasi da, eta bulegoak itxi edo ordutegiak murriztu ditu, eta horrek ezinegona sortu du kaltetutako guneetan", azaldu du.

Gainera, esan duenez, "zuzeneko arretaren desagerpena bereziki kezkagarria da ohiko banku-harremanak ez dituzten errenta txikieneko kolektiboentzat, besteak beste, gero eta zailagoa egiten zaielako eskudirua jasotzea". Horregatik guztiagatik, EH Bilduk adostasunak lortzea espero du eta bere mozioa onartzea.