AKTUALITATEA


| 2022-10-19 10:18:00

EH Bilduren udal taldeak mozio bat erregistratu du urrian egingo den Osoko Bilkurarako. Mozio horretan, Udal Gobernu Taldeari eskatzen dio kanpaina bat martxan jarri dezala txakur-gorotzek eta txizek lorategi eta espaloietan dituzten ondorio kaltegarriei buruz herritarrak kontzientziatzeko. Kanpainaren diseinuan bai udal-sail desberdinek baita BilbaoGarbiko eta lorezaintzako langileek ere parte hartzea eskatzen du alderdi soberanistak.

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Bilbon, 2021ean, 38.570 txakur zenbatu ziren, duela zortzi urte baino %33 gehiago. “Etxeko abereak hainbeste ugaritzeak zerikusia izango du, ziurrenik, pertsona askok bakardadeari aurre egiteko duten beharrarekin; gaur egungo beste gaitz pandemiko bat”, azaldu du.

Zubizarretak esan duenez, txakurrak Bilboko parke eta kaleetan paseatzen dituzten pertsona gehienek “jokabide ona eta kontzientzia erakusten dute beren betebehar zibikoekiko, besteak beste beren abereen gorotzak jaso eta txiza urez garbitzea”. Hala ere, zehaztu duenez, “herritar gutxi batzuen axolagabekeriak edo kontzientzia ezak higiene-, ingurumen- eta bizikidetza-arazoak dakartza”.

Ildo horretan, gogoratu du, inkesta berri baten arabera, %90ak uste duela Bilboko kaleak ez daudela txakurren gorotzez eta pixez garbi, eta horrek “ezinegona” sortzen du. Beraz, EH Bilduren zinegotziaren ustez, “beharrezkoa” da Udalak gai horri buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat abian jartzea, “herritarrak kargutu daitezen beren ardurapean dauden txakurren gorotzak jaso eta txiza garbitzearen beharraz”.

Kanpaina honen diseinuan, Zubizarretaren esanetan, hainbat udal-sail inplika daitezke (Zerbitzuak eta Bizi Kalitatea, Hezkuntza, Osasuna eta Kontsumoa edo Herritarren Segurtasuna), baita bide publikoak, parkeak eta lorategiak garbi mantentzeaz arduratzen diren langileak ere, izan ere, “arazoa zuzenean ezagutzen dute eta ekarpen garrantzitsua egin dezakete”.

“Kanpaina hau denboran zehar mailakatua izango da eta jardunbide anitzekoa, eta  konpainiako abereak (gehien bat txakurrak) paseatzen dituzten bilbotarrei adieraziko  zaie ze garrantzitsua den kaleak garbi mantentzea elkarbizitzaren eta osasunaren aldetik, oso ohitura errazen bitartez (adb.: txizari ura botatzea, edo parkeetako arauak betetzea), eta santzioetara  jo aurretik”, azaldu du.