AKTUALITATEA


| 2019-11-26 14:43:00

EH Bildu Bilboko udal liburutegiei buruzko plan estrategiko bat egitea eskatu du azaroaren 28ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio batean. Plan estrategiko horren helburua da egun dauden erronka sozial eta kultural berriei modu eraginkorrean erantzuteko lan ildoak ezartzea eta liburutegiekin zerikusia duten hainbat eragileen parte hartzearekin (erabiltzaileak, adituak, herritarrak…) egitea eskatzen du EH Bildu.

Bilbok egun 15 udal liburutegiekin osatutako sarea du. EH Bilduren ustez, liburutegiak ezinbestekoak dira gure gizartean. “Aldaketa sozial eta kulturalen ondorioz, liburutegi publikoak zalantza momentu batean daude, euren zereginari eta identitateari dagokienez. Galdera da ze paper izan behar duten eta Bilboko kultura mapan zein izan behar den euren tokia”, adierazi du.

Ildo horretan, gaineratu duenez, orain arte liburuetan oinarritutako informazio eta dokumentazio guneak izan dira, baina hori gaindituta gelditu da internet eta euskarri digital berrien ondorioz. Bestalde, Bilboko gazteek  liburutegi publikoetara pilaka joaten dira ikasketa garaietan, ikasteko toki lasai eta ixil baten bila. Ikasketa gune gehiago eskatzen dituzte, baina ez dituzte liburutegiak era sortzailean erabiltzen. 

Hortaz, liburutegien ustezko hutsaltasunaren aurrean ikarak daude, zereginak galtzeko ikarak daude eta horiek ez dute laguntzen egoerari erantzun egokia ematerako orduan. Horregatik guztiagatik, EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da udal administrazioak plangintza estrategiko bat egitea, egun dauden erronka sozial eta kultural berriei modu eraginkorrean erantzuteko  lan ildoak ezartzeko.