AKTUALITATEA


| 2022-11-14 12:09:00

Bilboko EH Bildu Udal-taldeko zinegotziek gaur egindako agerraldian, Jone Goirizelaia bozeramaleak, gobernu-taldearen aurrekontu-proiektua “aurreko urteetakoen antzekoa” dela, eta beraz, “egungo krisi-testuinguruari aurre egiteko egiturazko gabeziak” dituela berretsi du. “Ezin diegu egoera berriei errezeta zaharrekin erantzun. Garai berriek, epe laburrerako neurri aringarriak eskatzeaz gain, egiturazko neurriak ere eskatzen dizkigute”, nabarmendu du.

Horregatik, adierazi duenez, EH Bildutik aurrekontuen eztabaidari “asmo eraikitzailearekin eta elkarrizketarako borondatearekin helduko diogu”. “Gure helburua da aurrekontuen norabidea aldatzea eta beste hiri eredu baterantz abiatzea ahalbidetuko diguten akordioak bilatzea. Euskal Herrian eta Europan eredugarria izango den hiri baterantz; krisi energetiko, klimatiko eta sozialari aurre egiteko udal politikak garatuko dituen hiri baterantz, hain zuzen ere”, azpimarratu du.

Horrela, esan duenez, EH Bildu Udal-taldea gobernu-taldearekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest dago, eta horretarako, bost ardatz eta hamabi ekimenetan oinarritutako proposamena aurkeztuko dio. “Ardatz estrategikoak honako hauek dira: etxebizitza, trantsizio ekologikoa, gizarte-ongizatea, auzoak eta zeharkako politikak, zehazki, berdintasuna eta euskara. Horiek guztiak 50 milioi euro inguruko balioa dute”, azaldu du.

Goirizelaiak prentsaurrekoa eman du gaur, Asier Gonzalez, Bruno Zubizarreta eta Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziekin batera. Bertan, gobernu-taldeari helaraziko dizkioten ardatzei eta proposamenei buruzko xehetasunak eman ditu.

Ardatzak eta proposamenak

Etxebizitzari dagokionez, Bilbon  salerosketa zein alokairu-merkatuaren prezioen igoera ikaragarriek etxebizitzarako sarbidea arazo estrukturala sortzen dutela eta era berean, ia 10.000 bilbotar udal-etxebizitzen itxaron-zerrendan daudela gogorarazi du. Horregatik, EH Bilduren ustez, “udal-etxebizitza politiketan ezinbestekoa da orain arte aztertu ez diren bideak  jorratzea, eta horietako bat da, etxebizitza erostea”. Horrela, etxebizitza sozialen parkea handitzeko etxebizitzak erostea proposatuko du, babes-etxebizitzarik ez dagoen eremuei lehentasuna emanez, hala nola, Abandoko 6 barrutia. “Eroslehentasun-eskubidea eta atzera eskuratzeko eskubideak tresna gisa erabiltzea proposatzen dugu, izan ere, EAEko etxebizitza legeak udalei kasu batzuetan etxebizitzak lehentasunez erosteko eskubidea ematen dio, etxebizitzaren merkatuan esku hartzeko aukera eskainiz”, azaldu du.

Trantsizio energetikoa da EH Bilduren “funtsezko” beste ardatzetako bat. Horri dagokionez, eguzki-energiako estazio komunitarioak sortzea proposatuko du, baita bilbotarren etxeen birgaitze energetikoa sustatzeko ekarpen ekonomiko garrantzitsu bat egitea ere. “Energia-politikek lehentasuna izan behar dute udal honetan. Guk proposatutako ekimenek erakusten dute hori posible dela tokiko eremuan jardunez, energia berriztagarrien kudeaketa eta kontrol komunitarioaren inguruko eredu berriak sustatuz”, azaldu du Goirizelaiak.

Era berean, mugikortasun jasangarria, eta zehazki, garraio publikoaren erabilera sustatzea defendatuko dutela jakinarazi du. Ildo horretan, Udalak Bilbobusen zein funikularrean txarteletan % 50eko deskontuak 2023 urtean ere aplikatzeko konpromisoa har dezala, eta aurrerantzean Bilbobus 12 urtetik beherakoentzat doan izan dadila eskatuko dute. “Deskontuak garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurri eraginkorrak direla frogatuta dago, eta uste dugu neurri horiek egiturazkoak izan behar dutela, eta ez behin-behinekoak”, gaineratu du.

Pertsona guztien ongizatea bermatzeko gizarte-babesa da EH Bilduk lortu nahi duen beste helburuetako bat, eta, ildo horretatik, hiru proposamen egingo ditu. Lehenengoa gizarte-langileen plantilla handitzea da. Izan ere, oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartu behar dira, gizarte-babeseko sistema osorako sarbidea izanik, “zerbitzu horiek gainezka baitaude Bilbon, besteak beste, langilerik ez dagoelako”.

Bigarren proposamena tutoretzapeko apartamentuetan eta adinekoentzako etxebizitza komunitarioetan inbertsio garrantzitsua egitea da. “Etxebizitza komunitarioetan sartzeagatik Udalak banakako laguntza ekonomikoak eskaintzen baditu ere, ia ez du etxebizitzarik mendekotasun arina duten adinekoei zerbitzua modu zuzenean emateko; izan ere, tutoretzapeko lau etxebizitza soilik kudeatzen ditu erakunde baten bidez”, azaldu du Goirizelaiak.

Bestalde, energia-fakturen prezioen gorakada kontuan hartuta, egoera zaurgarrian dauden familiei energia-bonu progresiboak ematea proposatzen dutela nabarmendu du, udal-laguntza berezien bidez finantzatuta.

Laugarren ardatza Bilboko auzoak dira, “hiria beste ikuspuntu batetik egituratu ahal izateko ezinbesteko elementua”. Goirizelaiak azaldu duenez, batetik auzoak hobetzeko berritze lanetara bideratutako auzokide planen aurrekontua bikoiztea proposatzen du EH Bilduk, eta bestetik, eskola-azpiegituretako inbertsioak handitzea. Izan ere, “ikastetxeetako lau hormetatik harago, eskola-komunitateek gure auzoei bizia ematen diete, baina gaur egun ikastetxe publikoek premia asko dituzte, udal gobernuaren aurrekontu proiektuak erantzuten ez dituztenak”, adierazi du.

Azkenik, zeharkako politikei merezi duten protagonismoa eman nahi dietela azpimarratu du, hala nola berdintasunari eta euskarari, “urtez urte aurrekontuetan ahaztuak izaten direnak”.

Euskara ikasteko diru-laguntzen unibertsalizaziorantz benetako urratsa emateko unea da, diru-laguntzak lortzeko irizpideak murriztuz, hauek matrikula ordaindu aurretik emanez, eta nola ez, planteatutako helburu hauekin bat datorren aurrekontua bideratuz”, azpimarratu du EH Bilduko bozeramaleak.

Azkenik, berdintasun politikei dagokionez, legealdiaren hasieratik EH Bilduren apustuetako bat Emakumeen Etxea izan dela gogoratu du. “Parte-hartze prozesua abiaraztea lortu genuen, baita HAPOari lotutako akordio politiko bat ere, Bilboko auzo garaietan Emakumeen Etxe bat bultzatzea aurreikusten zuena”, esan du.

Ildo horretan, EH Bilduren ustez, “Emakumeen Etxea egikaritzeko konpromisoa hartzeko unea iritsi da, eta horrek isla izan behar du aurrekontuetan. Ez da posible Bilbo izatea Emakumeen Etxearen proiektu argirik gabeko EAEko hiriburu bakarra”.