Bilbo

Albisteak

EH Bildu Bilbok Udal operadore energetiko bat sortzea eskatu du, energia % 100 berriztagarria ekoizteko eta banatzeko


| 2021-01-12 13:23:00

EH Bildu Udal taldeak mozio bat aurkeztu du Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, energia komertzializatzeko Udal enpresa bat sortzeari buruzko azterketa bat egiteko eskatzen dio Gobernu taldeari, legealdi hau amaitu baino lehen, %100 berriztagarria den energiaren ekoizpenean eta banaketan parte hartzeko Udal operadore bat eratzeko asmoz.

Fatuartek azaldu duenez, jasangarritasun eta burujabetza energetikoaren eredu baterantz aurrera egiteko estrategian "ezinbesteko” neurria da, "are gehiago urtearen hasieran, hotz-bolada bete betean jotzen ari dela, argiaren prezioa % 27 igo denean". Adierazi duenez,  "onartezina da argia bezalako premiazko ondasunak garestitzea", eta egoera horren aurrean "neurriak hartzea premiazkoa" dela gaineratu du.

EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, "jasangarritasunean, baliabideen kudeaketa eta kontrol publikoan zein herritarren parte-hartzean oinarritutako eredu energetiko baterantz igarotzeko, tokiko eremutik bultza daitezkeen alternatibak daude".

"Iturri jasangarriekin ekoizpen elektrikoa handitzea beharrezkoa da", esan du. Ildo horretan, Udal operadore elektrikoen sorrera aipatu du, hainbat herritan garatzen ari den proposamena.

Fatuartek azaldu duenez, enpresa publiko horren sorreraren bidez, "Udalari berari eta haren menpeko azpiegitura eta zerbitzu guztiei energia emango litzaieke, baita Bilboko herritarrei ere, batez ere pobrezia energetikoa pairatzen duten pertsonei".

Azkenik, egungo eredu energetikoak herritarrei eragiten dien bidegabekeria "egiaztatuta" geratu dela esan du, izan ere, “egungo pobrezia energetikoari aurre egiteko gai ez dela” esan du, “familia ahulenei kalte handia eginez”.

"Bada garaia pertsonen oinarrizko eskubideekin irabaziak lortzen dituztenei mugak jartzeko, beharrezkoa da eredu demokratiko baterantz joatea, kontrol publikoarekin eta herritarren beharrak babestera bideratua, energia korporazio handien interesen gainetik", gaineratu du.