AKTUALITATEA


| 2021-08-11 11:04:00

EH Bildu Bilbo udal taldeak gobernu-taldeari eskatu dio beharrezko ekintzak egin ditzala hiriko barrutietako bulegoetan (udaltegietan) eta gainerako ekipamendu publikoetan irisgarritasun fisiko, sentsorial eta kognitiboaren inguruko oztopoak ezabatzeko, herritar guztiek baldintza berberetan erabili ahal izan ditzaten. Horretarako, iraileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu du.

Bruno Zubizarretak EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, aurrerapen batzuk egin diren arren, “gaur egun oraindik gabezia handiak daude Bilbon irisgarritasun unibertsalari dagokionez” eta “horren adibide garbia dira” hiriko udaltegietako eraikinak, udal-administrazioak kudeatzen dituenak.

Zentro publiko horiek eta gainerako ekipamendu publikoak pertsona guztientzat irisgarriak izateko hainbat neurri proposatu ditu EH Bildu Bilbok, besteak beste, irisgarritasun kognitiboko eta irakurketa errazeko irizpideak txertatzea seinaleetan; zoladura podotaktila eta brailedun karteldegia ezartzea ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat, bai eta igogailuetarako sentsoreak ezartzea ere.

Era berean, Zubizarretak ohartarazi duenez, barrutiko zentro jakin batzuetan, desgaitasuna duten pertsonek mugikortasun-arazo larriak dituzte, korridoreak, igogailuak eta geletarako sarbideak estuak baitira, eta gurpil-aulkia duten pertsonen zirkulazio askea eragozten dute. “Baina ez hori bakarrik, dibertsitate funtzionala duten pertsonek erabiltzen dituzten igogailu jakin batzuk oso txikiak dira, erabilera zailtzen dute eta laguntzaile batekin joatea eragozten dute”, gaineratu du.

EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, irisgarritasun unibertsalak dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako oztopo fisikoak kentzeaz gain, ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak pertsona guztientzat erabat erabilgarriak eta ulergarriak izatea bermatu nahi du.

Horregatik, bere esanetan, “premiazkoa” da udal gobernuak barrutiko zentroetan eta gainerako ekipamendu publikoetan jarduketak egitea irisgarritasun fisiko, sentsorial eta kognitiboaren inguruko oztopoak ezabatzeko, herritar guztiek baldintza berberetan erabili ahal izan ditzaten.