AKTUALITATEA


| 2020-01-21 14:58:00

Juan Mari Aburtoren udal gobernuak, udal hauteskundeetatik urte erdi pasa denean, gaur agintaldi plana aurkeztu du. Plan hori, EH Bildu Bilboren ustez, “bi hauteskunde programen fusioa besterik ez da” eta horretan “lehentasuna ez dira Bilboko hiritarren beharrizanak, baizik eta azpiegitura handiak, besteak beste, aireportuaren handitzea, AHT eta Zorrozaurre”.

Aurkeztutako neurrien balorazio zehatza egiteko badute ere, Asier Gonzalezek, EH Bildu Bilboko zinegotziak, adierazi duenez, plan horren aurkezpenean, Aburtok “langileen eskubideak ez ditu aipatu eta zerbitzu sozialak azaletik  azaldu ditu, krisiak oraindik eragina duela adierazi duen arren”. “Krisi berri baten aurrean gaudela esaten duten adierazleak ere ez ditu aipatu”, gaineratu du.

“Aburtok bilbotarron bizi kalitateari garrantzia eman ordez, Zorrozaurre bezalako urigintza proiektuak nabarmendu ditu, aurreko legealdietatik datozenak eta ez dakigunak zertan geldituko diren”, adierazi du EH Bilduko zinegotziak. Ildo horretan, gogoratu duenez, Alkateak plana aurkeztu duen ordu berdinean, pentsiodunek agerraldia egin dute urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deia egiteko, eta Bilbao Kirolak-eko langileak, mobilizazio batean, lan eskubide duinak aldarrikatu dituzte. “Hori da Bilboko benetako argazkia”, nabarmendu du.

Era berean, esan duenez, “alkateak enplegu gehiago eta hobea eta kalitatezko zerbitzu publiko hobeak udal gobernuaren erronka direla esaten duenean, guk udal zerbitzu publikoetan dauden lan gatazkak konpontzea eskatzen diogu; izan ere, langileen lan eskubideetan eta zerbitzu publikoen kalitatean eragin zuzena dute”.

Bestalde, Aburtoren udal gobernuak aireportuaren handitzearen aldeko apustua egiten duenean, Gonzalezen ustez, “Txorierriko auzokideen eskubideak eta iritziak kontuan hartu behar dira”. Ildo berean, “aireportua nazioarteko ekimen handiak erakartzeko soilik handitu nahi duen” galdetu dio; “etxean prekarietatea sortzen duten eta bilbotarron bizia garestitzen duten ekimenak, hain zuzen ere”.

Horrez gain, Aburtok aipatutako proiektuetan, Deustualdean suhiltzaileen parke berri baten proiektuaren falta sumatu du EH Bildu Bilboko zinegotziak, izan ere, “langileen aldarrikapena da, Herri Babesak aitortutakoa”. Segurtasunaren alorrean, Gonzalezen esanetan, “komisaldegi berriei buruz hitz egiten digu Alkateak, baina beharrezkoa da formakuntzan inbertsioak egitea, segurtasunaren beste eredu bat indartzeko”.

Euskarari dagokionez, esan duenez, “plangintza bat eta bi edo hiru neurri aipatzen digu, baina apustu ausartagoa egin behar da Bilbo euskararen etorkizunean giltza delako”.

Azkenez, Asier Gonzalezek Bilboko alkateari gogoratu dio “gardentasunari eta parte hartzeari buruz hitz egiten duenean, horiek ez direla bermatzen soilik kontuak ematen”. EH Bildu Bilboko zinegotziaren ustez, “gizarteak eta auzoek duten proposatzeko ahalmena indartu behar da eta euren proposamenak kontuan hartu, ez soilik lau urtetik behin”. “Herritarren gaitasunaren adibide ona Abusun tranbiaren erdibideko estazioa izan da“, gaineratu du.