EH Bildu udal taldeak Bilbon ‘Bizikletan adinik gabe’ programa martxan jartzeko eskatu du, mugikortasun-zailtasunak dituzten nagusiek bizikletan paseatzeko aukera izan dezaten. Eskaera hori urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez egin du.
Bruno Zubizarretak EH Bilduko zinegotziak gogoratu duenez, Bilbo Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatutako Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoia programari atxikita dago. Programa horrek, besteak beste, zahartze aktiboa, gizartearen parte-hartzea eta segurtasuna sustatzen ditu, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Zubizarretaren esanetan, testuinguru horretan kokatzen da «Bizikletan adinik gabe» ekimena, 2012an Danimarkan jaio eta mundu osoko 500 hiritan baino gehiagotan sendotuz joan den programa, hain zuzen ere, horien artean Bilbo inguruko hirietan.
Azaldu duenez, programa honen helburu nagusia mugikortasun-zailtasunak dituzten adinekoei bizikletarekin gozatzeko aukera ematea da, triziklo elektrikoetan egindako ibilaldien bidez.
Horrela, zehaztu duenez, “aldez aurretik ezarritako ibilbide batzuk egiten dira, eta, aldi berean, belaunaldien arteko topagune bat sortzen da adinekoentzako aisialdi osasungarriko jarduera baten inguruan”. “Halaber, bizikleta indartu egiten da, adin guztientzako garraiobide jasangarri gisa”, gaineratu du.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduren ustez, “ezinbestekoa” da Bilbok ‘Bizikletan adinik gabe" programa martxan jartzea, “zahartze aktiboaren inguruko ekimenen esparruan elementu integratzaile eta aktibo garrantzitsua baita”.