AKTUALITATEA


| 2022-02-14 12:45:00

EH Bildu udal taldeak mozio bat aurkeztu du otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko eta horretan Bilbobus eta Bilboko tranbiaren artean doako transbordoak eskaintzeko beharrezko pausoak eskatu dizkio Udal Gobernuari. Horrela, mozio horretan, Bilbobusen eta Bilboko tranbiaren arteko doako transbordoa egiteko kostu ekonomikoaren eta beharrizan teknologikoen azterketa egiteko eskatu dio Udal Gobernuari, bai eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza eta akordio bide bat ezartzeko.

Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, 2017an, Bilboko Udalak parte hartzen duen Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzak 2018-2028 aldirako Bizkaiko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoa azterlana egitea onartu zuen eta joan den urtean bukatu zuen. Bere ondorio nagusietako bat, gogorarazi duenez, txartel bakarra ezartzeko beharra da, horren ondorioz garraio publikoaren erabilera handituko litzatekelako eta diru-sarrerak % 6 handituko liratekelako.

Ildo horretan, Zubizarretak adierazi du Plan honek doako transbordoak martxan jartzeko garrantzia eta ahalmena jasotzen duela, baina, “tamalez, ez duela eperik aurreikusten ez doako transbordoak ezartzeko, ezta txartel bakarra ezartzeko ere”.

EH Bilduko zinegotziaren ustez, Bilbo, Bizkaiko hiri nagusi gisa eta udalaren menpeko hiri-garraio zerbitzua duen heinean, “aitzindaria izan behar du eta lehen urratsak eman behar ditu, Eusko Jaurlaritzarekin batera, hirian jarduten duten garraio publikoko operadore nagusietako biek tarifen integrazioa lor dezaten”.

Horregatik, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela Udalak Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat lortzea Bilbobus eta Tranbiaren arteko transbordoak doakoak izan daitezen. Era berean, transbordoen kostu ekonomikoaren eta beharko liratekeen baliabide teknologikoen azterketa egin beharko litzateke, eta, ondoren, frogak edota proiektu pilotu bat egin beharko litzateke erabiltzaile-talde batekin, emaitzak aztertzeko.

«Espero dugu gure proposamena onartzea, Bilbobus eta tranbiaren arteko transbordoak doakoak izan daitezen, txartel bakarra ezartzen aurrera egin dadin eta, batez ere, garraio publikoaren erabilera sustatu dadin, mugikortasun jasangarria lortzeko funtsezkoa baita», nabarmendu du.