AKTUALITATEA


| 2022-10-28 10:08:00

Ikasturte politiko honetako bigarren osoko bilkurak agerian utzi du Barakaldoko udal-gobernuaren, edo jeltzaleek eta sozialistek jendaurrean onartzen duten bezala, “bi gobernu-taldeen” ekimen garrantzitsuak aurrera ateratzeko gaitasun eza.

Atzo bertan, EAJk prentsaurrekoan jakinarazi du milioi erdi euro inbertituko dituela kanpainaurrean hainbat kale berriz asfaltatzeko. Azelerazioa obra publikoan, herrian gauzak egiten direla irudikatzeko... Hala ere, ez dago gaitasunik, ez adostasunik jendearen benetako beharrei erantzungo dieten ekimenak proposatzeko.

Badakigu egungo krisi-egoeran biztanleria zer nolako zailtasunetatik igarotzen ari den. Eta oposiziotik EAJ eta PSE ekimena hartzera animatu ditugun arren, ez dago borondate politikorik herritarren poltsikoak arinduko lituzkeen proposamenak egiteko. Eta atzoko osoko bilkura udal gobernuaren eskuordetze eta gelditasunaren beste adibide bat da: familia behartsuenentzako arintze proposamen baten aurrean,

Legebiltzarretik hartutako copy-paste eta tokiko erantzukizuna goragoko erakundeetara desbideratzen da; eta eskola kontseilua sortzea eskatzen zuen hezkuntza komunitatearen proposamenari berriz, ezetza.

Gainera, azken hilabetean arazo ugari izan dira udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko, obrak eta hobekuntzak gaizki planifikatu direlako. Antzeko zerbait gertatu da ikastetxe publiko batzuetan. Esan daiteke Barakaldoko Udalak ez dituela bermatzen kalitatezko oinarrizko zerbitzu publikoak.

Aurrekariak ikusita, badirudi argi dagoela Barakaldoko EAJ-PSEk lehentasuna emango diola datozen hilabeteetan hautesleen aurrean irudikeria egiteari, une sozialak eskatzen dituen neurri eta ekimenei indarrean jartzeari baino. Adostasun zabaletatik eta orain inoiz baino beharrezkoagoak diren egiturazko eta etorkizuneko plan eta proposamenetatik Barakaldo aldentzen duen EAJren eta PSEren alderdikeria berriro ere.