AKTUALITATEA


| 2022-12-11 16:39:00

EH Bilduk Maria Solar aurkeztu du Barakaldoko alkategai, gaur goizean Barakaldon egindako ekitaldian, Iker Casanova eta Maddalen Iriarte Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietarako hautagaiekin batera. Solarrek  adierazi du EH Bildu hauteskundeetara aurkeztuko dela udal erakundean alternatiba politiko gisa indartzeko helburuarekin.

EAJk eta PSEk ordezkatzen duten egungo ereduari buelta emateko “beharrezko alternativa” gisa aldarrikatu da Solar. Gobernu horrek ez du proiektu komunik, eta, Solarren ustez, gobernu-arloak, soldatak eta bulegoak banatzeko entente bat baino ez da. Horren aurrean, gaur egun Barakaldon dauden gizarte-adierazle kezkagarriei, hala nola eraso matxistei eta gizarte-bazterketako egoerei, aurre egiteko modu berriak irudikatzen dituela EH Bilduk adierazi du hautagai soberanistak. Gainera, bere hitzaldian, Maria Solarrek esan du egungo zerbitzu publikoak ez direla nahikoak, eta kritikatu du udal ekipamendu gehienak berritu egin behar direla.

Solarrek industria moderno eta teknologiko berriak erakartzeko beharra planteatu du, lurrak enplegu prekarioak sortzen dituzten enpresei saltzearen gaur egungo erabakien aurrean. Era berean, kalitatezko udal-zerbitzu publikoak aldarrikatu ditu; etxebizitza publikoen parkea handitzea edota alokairuaren prezioen kontrola ezartzea. Baita politika publiko feminista eraginkorrak behingoz ezartzea ere, Amaia del Camporen gobernuaren egungo postureo morea alde batera utzita; eta udal-administrazioarekin egin beharreko gestio guztietan, euskaldunen eskubideak bermatzea behingoz, besteak beste.

Azkenik, hautagai soberanistak adierazi du maiatzeako hauteskundeetara duela lau urteko konpromiso militante berarekin iritsiko dela, baina ilusio handiagoarekin, eta legegintzaldi honetan udalean EH Bilduren bozeramaile gisa lortutako esperientziaren balio erantsiarekin. “Denbora horrek Barakaldoko jendearen beharren ikuspegi zehatzagoa eman dit”, adierazi du Solarrek, eta gaineratu du politikaren nondik norakoak hobeto ezagutzen dituela eta politika instituzionalean “herritarrek ez dutela beti irabazten” egiaztatzeko ere aukera izan duela.

Aurretik, Iker Casanova Foru Aldundirako hautagaiak Ezkerraldeak eta Bilboko metropoli-eremuak bere alderdiarentzat duten garrantzia azaldu du. “Ez da kasualitatea EH Bilduk nire alde egitea, barakaldar baten alde, foru hauteskundeetara aurkezteko den zerrendaren burua izateko”. Gainera, Casanovak nabarmendu du Bizkaiak beste gobernantza-eredu bat merezi duela: “ezin dugu onartu pertsona aberatsenei zergak jaitsiz eta betiko enpresa handien nahiei kasu eginez arazoak konpontzen dituzten horiek betiko gobernatzea”.

Bestalde, Maddalen Iriartek hitzaldi oso hunkigarria eman du, eta Barakaldoko eta Bizkaiko hautagaiak nola ezagutu zituen gogoratu ditu. Iriartek Barakaldoko militantziarekin ikasitako guztia eskertzeko baliatu du bere hitzartzea, eta, nolabait, Ezkerraldeko kidegoari agur esan dio gaurko ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai gisa duen erronka berriari ekin baino lehen.