AKTUALITATEA


| 2021-10-07 13:55:00

EH Bildu Arabako batzarkide taldeak proposatu du zenbait moldaketa egitea udalek kudeatzen dituzten zergen foru-arauetan, zehazki, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan (TMIZ), ondasun higiezinen gainekoan (OHZ) eta eraikuntza, instalazio eta obren gainekoan (EIOZ).  Aldaketa horien helburu nagusiak dira gehien kutsatzen duten ibilgailuek gehiago ordaintzea, eraikinen energia eraginkortasuna hobetzea eta Eliza Katolikoen pribilegioak amaitzea.

Nerea Martinez EH Bilduko batzarkideak adierazi du zerga-sistemak eta, bereziki, tokiko erakundeek jasotzen dituzten zergek badutela tartea sistema bidezkoago eta progresiboago baten aldeko apustua egiteko, “non gehien dutenek ekarpen handiagoa egingo duten eta errenta baxuenak eta biztanleria-sektore ahulenak babestuko diren”.

Egungo ereduaren desorekak zuzentzea dute helburu moldaketek, Martinezen esanetan: “Ezinbestekoa da zergek eta zerga-sistemak ekitatea eta justizia soziala hobetzea”. Bere aburuz, “udal-zergak eta, beraz, horiek arautzen dituzten foru-arauak tresna egokiak dira klima-larrialdiari aurre egiten laguntzeko, betiere progresibitatearen eta zerga-ekitatearen ikuspegitik”.

Hiru zerga

Ibilgailuen zergan (TMIZ), turismoen tarifen koadroa aldatzea planteatzen da, eta horren helburu nagusia da gehien kutsatzen duten ibilgailuek gehiago ordaintzea. Martinezek adierazi du, gainera, Arabako araua ez dela Bizkaikoa edo Gipuzkoako bezain progresiboa.

Klima-larrialdiari aurre egiteko, eraikinen energia-eraginkortasuna da klima-aldaketaren aurkako gakoetako bat, baita lurzoru urbanizagarriak neurririk gabe areagotzea ere. EH Bilduk proposatu du etxebizitzak birgaitzea lehenestea, fiskalki, eraikuntza berriko obren aurretik. Horri erantzuten diote OHZ eta EIOZen foru-arauetako moldaketek.

OHZri dagokionez, “Eliza Katolikoaren zerga-pribilegio anakroniko eta bidegabeak amaitu behar dira, eta berehala berrikusi behar da haren zerga-egoera”, esan du Martinezek.