Araba

Albisteak

Zalduondok 2021erako aurrekontua onartu du, 400.000 eurotik gorakoa


Aurrekontuaren erdia inbertsioetarako erabiliko da, besteak beste, udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko.

| 2020-12-28 09:32:00

Zalduondoko Udalak 402.000 euroko aurrekontua onartu du datorren urterako. 45.000 euro gehiago inbertituko dira 2021ean, 207.000 euro guztira. Inbertsio horien artean, nabarmentzekoa da eguzki-plakak jartzea udal-eraikinetan, inbertsio hori Udalaren Energia Planean sartuta baitdago.

 

Horrez gain, 14.000 euroko partida ere badu, bolatokia eta ondoko eraikina zaharberritzeko proiektua garatzeko. Landa-bideak konpontzeko, sareak lurperatzeko eta Zumarraundiko bidea konpontzeko ere partidak daude. Zumarraundiko kasuan, Zalduondoko Udalak, 2022 eta 2023 urteetarako, 20.000 euro aurreikusi ditu konpromiso kreditu gisa, obra fasetan egin behar dela aurreikusita. Obra honek beste erakunde batzuen finantzaketa ere izanen du.

 

Baina partidarik handiena 52.854 eurokoa da eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko da Zalduondoko udalerrirako. HAPOri lotuta, Zalduondok beste 6.000 euro erabiliko ditu Plan Orokorraren eragin akustikoaren azterlana egiteko.

 

Diru-laguntzen kapituluan, Zalduondoko Elkarteari 2.500,00 euroko diru-laguntza emango zaio, tradizioak, herri-jaiak eta herri-erromeriak sustatzeko eta udalerriko tradizio etnografiko eta kulturalak berreskuratzeko, hala nola, landa-inauteriak. Euskararen arloan, Olbeak 600 euro jasoko ditu Euskaraldia, 11 egun euskaraz eta euskararen sustapena bezalako jarduerak garatzeko.

 

Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkateak zorionak eman ditu aurrekontu honengatik: “egoera larrian egon arren, datorren urtean Zalduondok nahiko diru izango du udalerrian egin beharreko inbertsioei aurre egiteko”. Horien artean, Zumarraundiko bidea konpontzea eta Udalaren energia plana gauzatzea nabarmendu dira.