AKTUALITATEA


| 2020-04-27 10:18:00

Aurten Arabako jaiak krisi soziosanitario orokorraren baitan heldu zaizkigu, munduko biztanleriaren erdia etxean dagoela. San Prudentzio bezpera honetan konfinamenduko 45 egun bete ditugu, etxean itxita eta nostalgiaz gainezka. Izan ere, gogotik faltan ditugu giza harremanak, espazio publikoak, senideen eta lagunen hurbiltasuna, eguzkia, brisa, euria…

 

Une gogor hauetan, EH Bilduk, lehenik eta behin, omendu izan nahi du koronabirusaren ondorioz hildako hirurehundik gora arabarren memoria, baita galera hori muturreko egoeran pairatu behar izan duten senide eta hurbilekoak ere, beharrezko dolua modu egokian eman ezinik. Horrenbesteko pertsonen galeraren tristura handitu egiten da euren maitatuen berorik gabe eman dutelako azken hatsa. Hona hemen horientzat guztientzako gure oroitzapen sentikorrena. EH Bilduk, halaber, animoak helarazi nahi dizkie birusak kutsatutako milaka pertsonei, oraindik Arabako ospitaletan dauden ehundik gora pertsonei, Galdakaoko ospitalean dauden Aiaraldeko bizilagunei eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan euren bizitzen alde borrokan ari diren hamarnaka pertsonei.

 

Ziurgabetasun garaiak bizitzen ditugu, eta ez bakarrik ez dakigulako zenbat luzatuko den konfinamendu egoera hau, ezta birusak gure gizartean duen hedapenaren benetako dimentsioa  zein den ere, edota krisia kudeatzeko arduradun instituzionalek egunero helarazi dizkiguten mezu kontraesankor eta nahasgarriengatik. Langileek ziurgabetasunez ikusten dute euren lanpostuen etorkizuna. Tokiko merkataritza, ostalaritza, turismo, mahastizaintza eta ardogintzako enpresa txiki eta ertainek gastuen kontua handitzen jarraitzen dute, diru-sarrerena hutsean dagoen bitartean, eta etorkizunari ziurgabetasunez begiratzen diote, pertsiana altxatzeko baldintzak egongo diren egunean negozioa irekitzeko moduan egongo diren jakin gabe.

 

Hala ere, hilabete eta erdiko krisi soziosanitario honek hainbat ziurtasun eta ospakizunerako arrazoi ere utzi dizkigu. Izan ere, ariketa kolektibo bat ikusi dugu berreraikitze-eraldaketa garai berriak oinarritu beharko dituzten balioak sustatzeko. Erantzukizuna, elkartasuna, ekitatea, elkar zaintzea, balio kolektiboak, zerbitzu publikoen garrantzia… Arabako gizartearen gehiengoak krisiaren hasieratik praktikan jarri dituen balioak dira, eta horien gainean, zalantzarik gabe, errealitate berri bat eraiki beharko da.

 

Balio horien ondorioz, dozenaka herri ekimen sortu dira, eta, zalantzarik gabe, horiek guztiak ospakizunerako arrazoi dira: zaintza kolektiboko herri sareak; funtsezkoa ez den jarduera geldiarazteko eta, hortaz, birusaren hedapena saihesteko langileek egindako plantoak; dendak, tabernak eta ostalaritzako lokalak ixtea bertako jabeen ekimenez eta erantzukizunez; babesteko ekipamenduak egiteko herri sareak; lurraldeko nekazarien prestasuna desinfekzio lanetarako...  Eta ordainezina da, noski, ospitaleetako eta adinekoen egoitzetako profesionalek egindako lana, baita oinarrizko horniduren kateari eutsi dioten langile guztiena ere: nekazariak eta abeltzainak, garraiolariak, elikadura sektoreko dendari txikiak eta langileak…

 

Zalantzazko garai batean sartu(ko) gara, non, gizarte eta herri gisa, etorkizuna eraikitzeko oinarriak zehaztu beharko ditugun. Zalantzarik gabe, batzuek jarraitu nahi izango dute krisialdiei aurre egiteko inbertsio publikorako gaitasuna eta zerbitzu publikoak ahuldu dituzten politika neoliberal eta globalizatzaileen bidetik, desberdintasunetan eta haustura sozialean sakonduz. Hala ere, uste dugu hilabete eta erdi honetan agerian geratu dela Arabako herritar gehienak beste norabide batean ibiltzen hasiak direla; horren ondorioz, erabaki ausartak hartu beharko direlakoan gaude EH Bildun,  gizarte kohesioa bermatu eta etorkizun berri bat eraikitzeko norabidean, arlo publikoaren nagusitasuna, elkartasuna, ekitatea eta justizia soziala oinarritzat hartuta. Etorkizuna partekatua izango da: ez dugu inor bazterrean utziko, ez dugu inor babesik gabe lagako, ez dugu inor atzean abandonatuko.

Horrexegatik, San Prudentzio honetan ere badaukagu zer ospatu:

Txalotzeko moduko herri bat.

Ondo pasa Arabako Jaiak!!!