AKTUALITATEA


| 2020-01-24 11:32:00

EH Bilduk txalotu egin du Trebiñuko Udalak 2020rako lortutako aurrekontuen akordioa. Guztira, 1,7 milioi euroko izango ditu eta EAJren, EH Bilduren eta Trebiñuko Konderriko Elkarte Independentearen (AICT) bi ordezkarien aldeko botoekin atera dira aurrera. "Ezberdinen artean lortutako akordioari balioa eman nahi diogu, batzuek eta besteek egindako ekarpenak biltzeko ahalegina egin dugu eta Trebiñu Araban integratzearen aldeko Gobernuari egonkortasuna eman diogu hiru alderdi politikoen artean", nabarmendu du Ritxar Astegieta Trebiñuko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak.

 

2020rako aurrekontuek EH Bilduren ildo estrategikoak jasotzen dituzte, hala nola klima-aldaketaren aurkako borroka, berdintasun-politikak eta euskararen sustapena. Hala, 7.000 euro bideratuko dira konpostatze proiektuak bultzatzeko, euskara ikasteko laguntzak handituko dira -matrikularen kostuaren %30etik %40ra pasako da-, eta 4.000 euro bideratuko dira berdintasuna sustatzeko jarduerak bultzatzeko.

 

Bestalde, lehen aldiz, Trebiñuko Udalak baliabide urriak dituzten pertsonei zuzendutako energia gastuei aurre egiteko laguntza lerro bat sortuko duela nabarmendu du EH Bilduk. Herrian ohiko etxebizitza dutenek jaso ahal izango dituzte diru laguntza horiek, eta ezin izango dira 400 eurotik gorakoak izango.

 

Azkenik, EH Bilduk azpimarratu du aurrekontu akordio horren ondorioz, Udalak Berdintasunerako teknikari bat eta Ingurumen eta Iraunkortasunerako beste bat izango dituela.