Araba

Albisteak

Trebiñuko eta Argantzongo udalek premiazko bilera egiteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Gaztela eta Leongo Juntari, COVIDen aurrean estrategia bakarra bermatzeko.


Bi udalek beharrezkotzat jotzen dute herritar guztiei segurtasun “sanitarioa nahiz juridikoa” ematea.

| 2021-02-22 16:10:00

Argantzungo eta Trebiñuko Konderriko Udalek gutun bana bidali diete Eusko Jaurlaritzari eta Gaztela eta Leongo Juntari, “presako bilera bat egiteko, SARS-CoV-2 mehatxuaren aurrean estrategia bakarra bermatzeko mekanismoak ezartzeko eta Trebiñuko enklabeko herritar guztiei segurtasuna emateko, hala osasuna nola juridikoa”. Hala jaso zen bi udaletako osoko bilkurek otsailaren 9an eta 12an onetsitako mozioan.

 

Zehaztu duten moduan, alarma-dekretuarekin ezarri zen enklabeak Arabako Lurralde Historikoaren tratu bera jasoko zuela “herritarrei osasun segurtasuna emateko”. “Hala ere, azken asteetan, eta (Trebiñuko Konderriko udalerrian kutsadura tasa handitu  eta osasun-egoera larriagotu egin denez), agerian geratu da inguruko lurraldeari dagokion tratamenduari are gehiago lotu behar zaiola, estrategia bakar eta eraginkor bat ezartzeko, koronabirusaren hedapenaren aurka gure herritarren osasuna eta bizitza babesten dituena”, aipatu dute gutunean.

 

Izan ere, gogorarazi dutenez, enklabearen salbuespen administratiboak agerian utzi du “pandemia kontrolatzeko neurriak ezartzea zaila zela herritarren eskubideen bermatuz, jarduera ekonomikoari eutsiz eta kalitatezko osasun-arreta bermatuz”.