AKTUALITATEA


| 2026-06-09 09:43:00

2025eko aurrekontuetan Gobernuak EH Bildurekin harturiko konpromisoari jarraikiz, 12 sarjentuen lanpostuak betetzeko eta 36 suhiltzaile plaza berri sortzeko eskatu dute 2027. urtea baino lehen

Araba. 2026-06-09 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozioa eztabaidatuko da bihar Arabako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran, hilabeteko epean Suhiltzaileen Foru Erakundearen plantilla handitzeko kronograma aurkezteko eskatuz.

EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek azaldu duenez, «urteak dira Arabako suhiltzaileak plantilla handitzea eskatzen ari direla, gizarteari zerbitzu egokia emateko eta langileak beraien lana segurtasunez bete ahal izateko. Izan ere, askotan ez daude 4 suhiltzaile parke eta txanda bakoitzean eta horrek sortzen du esku-hartzeetan binomioka lan egiteko ezintasuna. Alegia, suhiltzaileen eskuliburu guztietan oinarrizko irizpideen kontra lanean ari dira Arabako langileak».

Gauzak horrela, EH Bilduk lortu zuen 2025erako aurrekontuetan Foru Gobernua konpromisoa hartzea Arabako Foru Suhiltzaileek 2027. urterako 229 efektiboko plantilla izan dezaten. «Baina kezkaz begiratzen diogu Foru Aldundi honek duen jarduteko eta kudeatzeko ereduari», adierazi du Lopez de Arroyabek: «Joan den urtean 6 sarjentuak integratzeko urte osoa pasatzen utzi zuen eta Lan Postuen Zerrendan egin beharreko aldaketak abenduaren 30ean egin zituen. EH Bilduk duen informazioaren arabera 2026. urtean, ia bost hilabete igaro badira ere, oraindik ez du inolako urratsik eman».

Horiek hala, EH Bilduk mozioan Foru Gobernuari eskatu dio Arabako Foru Suhiltzaileen Kontseiluan onartu eta Batzar Nagusietan aurkez dezala plantilla handitzea planifikatzeko kronograma zehatza hilabeteko epean, eta datorren ikasturtea hasi baino lehen EPE bat antolatzea 12 sarjentuen lanpostuak betetzeko.

Horrekin batera, 2027ko lehen hiruhilekoan beste EPE bat antolatzea eskatu dute, 36 langile berrirentzako, gutxienez. Azkenik, EPE horiek Foru Aldundiak berak antolatzea eskatu dute, Arkautiko akademiak antolatutako aurreko enplegu eskaintzan gertatutako gorabeherak ekiditeko.