AKTUALITATEA


| 2020-04-09 10:45:00

Nola ikusten du Mikel Oterok egoera?

Kezkarekin, guztiok bezala, imajinatzen dut. Esan behar dut nire egoera pertsonala ez dela bereziki bortitza, gertueneko zirkuluetan ez baita gaixotasunik egon, eta nire etxean konfinamendu egoerak bereziki kolpatzen duen pertsonarik ez dago. Horregatik aprobetxatu dut nire besarkadarik beroena helarazteko lagunak eta senideak galdu dituen guztiei edo gaixo egoteagatik, eurekin egoteko aukerarik ez dutenei. Horrez gain, jabetzen naiz milaka etxeetan egoera ez dela batere erosoa eta egun dauden arazoei beste arazo asko batuko zaizkie krisi sanitarioa amaitzen denean, enplegua eta ekonomiari lotutakoak batez ere. Gaur egun ziurgabetasun maila oso altua da, bai konfinamendu egoerak sortutako ez ohiko egoeragatik, baita ez dakigulako datozen hilabete eta urteetan izan ditzakegun ondorioak.

 

Nola definituko zenuke Eusko Jaurlaritzak eman duen erantzuna. Zertan asmatu da eta zeintzuk izan dira gabezia inportanteenak?

Jaurlaritza urrats bat atzean aritu dela uste dut. Hasieran ez zuen asmatu zetorrenaren tamaina neurtzen eta horren adibide argia da apirilaren 5eko hauteskundeekin gertatu zena. Guk argi ohartarazi genuen ez zeudela bozkatzera joateko baldintzak, baina Urkullu eta EAJ, ordea, hauteskundeekin tematuta egon ziren errealitatea gainetik pasa zitzaien arte, eta funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa eteteko aginduarekin ere berdin-berdin gertatu zitzaien. Askotan herritarrak arduratsuagoak izan dira, gobernua baino.

Labur esanda, Jaurlaritza berandu eta gaizki ibili da eta osasun larrialdi honek egitura eta baliabide publikoak behar bezala prestatu eta planifikatu gabe harrapatu du.

Arlo guztietan?

Osakidetza planifikazio falta horren biktima nagusia izan da, azken urteotako murrizketek ahulduta egin behar izan diolako aurre pandemiari. Eta agian paradoxikoa bada ere, horretan ikusten dut nik alde positibo nagusia, Osakidetzako langile guzti-guztiek erakutsi duten konpromisoan, adorean eta onena emateko borondatean. Murrizketen eta baliabide faltaren gainetik, erantzun eredugarria eman dute, eta hori behin eta berriz azpimarratzekoa da.

 

Osasun krisia heldu zenerako, Eusko Legebiltzarra disolbatuta zegoen eta hauteskundeak deituta zeuden. EH Bilduk, eztabaidarako eta kontrolerako mekanismoak eskatu ditu, nola gauzatu daitezke eta zertarako dira beharrezkoak?

Kontutan hartu behar dugu Legebiltzarraren egoera guztiz ez ohikoa dela. Birusaren krisiak legebiltzarra deseginda eta hauteskundeak deituta harrapatu zuen, eta horren ondorioz Diputazio Iraunkorra bakarrik zegoen martxan, hau da, nolabaiteko “zerbitzu minimoetan”. Gutxi balitz, Gobernuak ez du inongo interesik erakutsi inolako mekanismorik abiatu informazioa partekatu, neurriak eztabaidatu edo kontrol lanak egiteko. Zaila bazen, gehiago zaildu dute. Egin den saio bakarra informala izan da. Legebiltzarreko mekanismoak martxan jartzea eskatzen dugu, baina krisi hau herri erronka den neurrian mahai intersektorial bat abiatzea ezinbestekoa ikusten genuen eta ikusten dugu, non alderdiez gain, sindikatu eta enpresa ordezkariek eta herri eragile nagusiek parte hartu beharko luketen.

 

Urkulluk dio Osakidetzak ez duela muga jo eta beste herrialdeko herritarrak artatzeko bere burua eskaini du.

 

Azken datuen arabera ospitaleratzeak eta kutsatuen kopurua jaisten ari direla dirudi egunero hiltzen diren pertsonen kopurua mantentzen den arren. Honek, zuhurtzia guztiarekin, itxaropenerako izpi bat zabaltzen du. Arabako ospitaleetan presioa jaisten ari dela dirudi, nahiz eta UCIetan oraindik pertsonal falta eta langileen gaineko presio handia dagoen. Hala ere, Kubako medikuek zioten bezala “elkartasuna ez da soberan daukazuna ematea, baizik eta daukazuna konpartitzea”. Alegia, zuzena iruditzen zait beste herrialde batzuei eginiko eskaintza hori, elkartasuna eta laguntzeko borondatea inoiz ez daudelako soberan. Oraingoan ere herri hau herri solidarioa dela erakusten ari da eta Osakidetzaren eskaintza hori ere hor kokatuko nuke.

 

Aldi berean elkartasuna ere eskatu beharko genuke egun Osakidetzan dauden gabeziak kubritu ahal izateko. Bereziki, UCIetan langile falta, babes pertsonalerako ekipoak eta test azkarren beharrak.

 

Krisi honek adinekoak jarri ditu jomugan eta zahar egoitza pribatuen inguruan zer esanik eman du…

Bai, birusa gure artean egon aurretik bagenekien adinekoak eta aldez aurretik bestelako gaixotasunak zituztenak arrisku handiagoan egongo zirela. Eta hala izan da. Birusak bereziki kolpatu ditu zahar-egoitzetan zeudenak eta ezin dugu ahaztu Gasteizen, adibidiez, San Martinen foko oso arriskutsua izan dugula. Azken datuen arabera, Araban guztira 88 adineko hil dira horrelako zentroetan, horietako asko sare pribatuan.

Betidanik EH Bildutik salatu dugu egoitza pribatuetako egoera, baliabide askoz gutxiago dituztelako. Eta orain, Madrilen onartutako dekretu bati esker, Arabako Foru Aldundiak egoitza pribatu horien gaineko kontrola eta kudeaketa bere gain hartzeko aukera izan du baina uko egin dio. Hori bai, krisi horrek adineko egoitzen gaineko eztabaida piztu du eta makro egoitzen bideragarritasuna zalantzan jarri du. Pozten gara, etorkizunean honen inguruko hausnarketa sakona egin behar dugulako, etxean arreta ahalik eta gehien luzatzeko eta zentro txikiagoak eta publikoak sortuz.

 

Test-en inguruan eztabaida bizia piztu da azken egunotan. Test nahikoak egiten dira?

Test falta arazo nabarmena izan da epidemiari aurre egiteko. Bistan da ez zaizkiola probak egiten ari sintomak dituzten herritar guztiei, Urkulluk kontrakoa ziurtatu arren. Gabezia horren ondorioz, gaitzaren hedapena ez da behar bezala kontrolatu osasungintzako eta gizarte zerbitzuetako langileena bezalako sektore kritikoetan edo arrisku handienak dituen adineko populazioan. Konfinamendu osteko faseari heltzean gakoetako bat izango da test horiek masiboki egitea, balizko infekzio berriak azkar aurkitu eta beharrezko isolamendu neurriak hartu ahal izateko.

 

Zergatik ez da EAEn beharrezkoa ez zen jarduera oro bertan behera gelditu?

Epe laburreko begirada oker baten ondorioa izan dela esango nuke. Enpresarien zati batek sekulako presioa egin du ahalik eta jarduera ekonomiko gehienak funtzionatzen jarrai zezaten. Eta gobernua, bereziki EAJko agintariak, “zenbat eta jarduera gehiago hobeto” tesi horrekin lerrokatu da. Birusaren transmisioa ahalik eta gehien murrizteko, ordea, nabarmena zen jarduera mailak ahalik eta txikiena izan behar zuela, are gehiago babes materialen eskasia zegoela kontutan izanda eta osasun arlokoak lehentasuna zuela jakinda. Lekuan leku ikusten joan gara eskatzen ziren babes neurriak betetzeko gaitasunik ez izan arren jarraitzeko joera egon dela, langileak egoera irregularrak salatzera behartuz. Azkenean, lanera joateagatik birusa hedatzen jarraitu ote denaren sentsazioa ere badago jendartean, konfinamendua bera luzatu eta kalteak areagotuz.

 

Edonola, Arabako kasuan gogoratu beharra daukagu langileek enpresa handienak ixtea lortu zutela, tartean Mercedes, eta horrek herrialdeko industriaren zati handi baten gelditzea ekarri zuela “de facto” eta horrekin batera milaka langile etxean geratzea. Langileriak lortutako gelditze hori izan da seguruenik gure herrialdean gaitza zabaltzen ez jarraitzeko ekarpen handienetariko bat.

 

Osasun krisiak ondorio oso larriak ditu eta izango ditu. Zeintzuk dira ondorio horiei aurre egiteko EH Bilduk planteatzen dituen neurriak?

EH Bilduk publiko egin berri du eremu sozioekonomikorako eta sanitariorako talka plana non neurri zehatzen bateria oso bat planteatzen den. Hortik haratago nik ideia nagusi batean indarra egin nahiko nuke.

Krisi honen ondorioen dimentsioa oraindik zaila da aurreikusten ez bait dakigu zenbat luzatu daitekeen, baina argi daukaguna da egin beharreko ibilbidea herri gisa egin beharko dugula, eragile sozial, sindikal, ekonomiko eta politiko guztien arteko elkarlana sustatuz. Eta inplementatu beharko ditugun politikak orain arte neoliberalismoaren defendatzaile sutsuek indarrean jarri dituztenen aurkakoak izan beharko direla. Euskal Herrian badaukagu nahikoa gaitasun, elkartasun eta inteligentzia kolektiboa etorriko denari aurre egiteko eta hori inor bazterrean utzi gabe egiteko.

 

 

Nolakoa izan behar da EH Bilduren ustez deskonfinamendua?

Deskonfinamendua progresiboa eta tentu handiz egin beharrekoa izan behar da, osasun irizpideak bidea markatuko dutena. Eta ekidingo duena, atzera bueltatzea. Trantsizio fase bat izan behar ohiko bizimodura bueltatzeko. Kolpera ezingo gara ohiko bizimodura bueltatu, bestela kolektibo gisa, herritarrok egin dugun ahalegina alferrikakoa izango delako. Horretarako Plan bat definitu behar da, osasun publikoak, epidemiologo eta aditu desberdinen irizpideak kontutan hartuaz. Plan horretan, arrisku kolektiboko herritarrak azkenak izango dira etxeetatik ateratzen. Aurreikuspenarekin jokatu behar da eta argi izan behar dugu, denbora luzea eramango duela. Beraz, guztiok pazientziaz eta orain arte bezala erakutsi dugun ardura eta elkartasunarekin jokatzea funtsezko izango da.

 

Zerbait ikasiko dugu krisi honetatik?

Nire ustez krisi honek hainbat gauza argi utzi ditu. Hasteko, elkarren arteko menpekotasuna. Norberaren ongizatea eta osasuna, komunitatearenaren menpe dagoela, alegia. Eta honek erakutsi digu krisi egoera batean bakoitzak bai, baina guztiok ekin behar diogula batera aurrera ateratzeko. Ikasgai honetan herritarrek instituzioek baino nota hobea atera dute zalantzarik gabe: osasungintzako langileek, herritar sareek, ostalariek, dendariek, industriako langileek, nekazariek, suhiltzaileek eta herritarrek orohar, den denek hasi ziren, instituzioek baino lehen, birusaren aurkako neurriak hartzen.

 

Irakaspen honek berdin balio digu birusarentzako edo etorkizun hurbilean izango ditugun herri erronka guztientzako, klima krisia kasu. Horretaz gain, erakutsi digu jendartearentzako funtsezkoak diren kontuetan, osasuna eta zaintzak kasu, oso arriskutsua dela esku pribatuetan uztea. Izaera, kudeaketa, finantzazio eta kontrol publikoa behar dugula, irabazien eta merkatuaren logikatik kanpo. Azken hamarkadetan egon den merkantilizazioak ez dio mesederik egin zaintza sistemari, eta horri buelta bat eman beharko genioke. Baina kontuz, konturatu eta ikasi izanak ez du zertan egikaritzen. Zentzu horretan, datozen urteetan gure biziraupenerako ezinbestekoak diren baliabide eta zerbitzuak zeintzuk diren ongi identifikatu beharko ditugu, eta merkatuaren logikatik ateratzeko saiakera indarrez abiarazi beharko dugu, egongo dira berriro irabazi pribatuen eskuetan uzteko tentazioak eta.

 

https://issuu.com/ehbildugasteiz/docs/elkarrizketa_mikel_otero