AKTUALITATEA


| 2020-03-02 10:27:00

Arabako Foru Aldundiak "Mendialdea Biziberritzen" plan pilotua martxan jarri zuenetik urtebete igaro denean, EH Bildu-k ondorioztatu du aukera bat galdu dela. Ekimenak 650.000 euroko aurrekontua zuen guztira, baina Ruth Ibisatek, EH Bilduk Arabako Mendialdeko Koadrilan duen ordezkariak, azaldu duenez, egin den bakarra inprobisatzea izan da, eta inolako plangintzarik gabe burutu dira ekimenak.

Arabako Mendialdeko Kuadrillarekin aurreikusitako ekintzen gauzatzeari buruzko datuak aztertu ondoren, EH Bildu-k kritikatu du ez dela ekimen berririk sartu, eta jada egiten ari ziren ekintza batzuk fakturatu direla. Horren adibide gisa jarri du eskaintza turistikoa edo skualdeko gazteentzako aisia-programa. Lehenengo kasuan, aurrekontuaren %40a baino ez da gauzatu 12 panel informatibo jartzeko eta mapa bat egiteko. Bigarren kasuan, ez da inolako lanketarik egin gazteekin eta ez dira epe luzeko jarduerak aurreikusi.

Beste horrenbeste gertatzen da eskualdeko azoka ibiltaria martxan jartzeko ekimenarekin. Kasu honetan, 35.000 euro baino gehiago gastatu dira (partidaren %88a), baina stand batzuk erosteko izan da soilik. "Teilatutik hasi dugu etxea, eskualdeko ekoizleekin egin beharreko lana ahaztuz. Bide batez, benetako ekonomia zirkularra bultzatzeko kontzientziazio eta sozializazio lana ere ahaztu da", nabarmendu du Ibisate zinegotziak.

Gertatutakoa ikusita, Ibisatek ezinbestekotzat jo du kanpo balorazio bat martxan jartzea, non eskualdeko eragileek parte hartuko duten. Ebaluazio-prozesu horretan oinarrituta, EH Bildu-k urratsak eman daitezela eskatu du, benetan eraginkorrak diren neurriak ezartzeko eta epe ertain-luzean asmo handiko proiektua garatzeko despopulazioaren aurka eginez. Hiru erronka nagusiri aurre egiteko beharra azpimarratu du: ekintzailetza, etxebizitza eta tokiko garapena.

 

"Arabak lurralde osorako plan estrategiko bat behar du"

Bestalde, Kike Fdz De Pinedo EH Bildu-ren Batzar Nagusietako bozeramaileak gogorarazi du EH Bildu-k berak Bernedon egin zen Lur Jareetako osoko bilkuran despopulazioaren aurkako ekimen bat aurkeztu zuen eta aho batez onartu zen.

"Plan horrek arrakasta izan dezan, beharrezkoak dira eragile ezberdinen parte-hartzea eta inplikazioa erdigunean jarriko duten oinarri batzuk. Ez ditugu oinarri horiek ikusten, ez dugu ikusten epe luzerako proiektua denik, eta ez dugu ikusten hainbat kolektiborekin lanean ari garenik", deitoratu du bozeramaileak.

Amaitzeko, Fdz de Pinedok iragarri du EH Bildu-k erakundeen arteko mahaiaren aktak eskatuko dituela: "Beharrezkoa da erakunde guztien inplikazioa, baina horretarako erakundeen arteko mahaiak eraginkorra izan behar du. Araba osorako plan estrategiko bat aldarrikatzen jarraituko dugu".