Araba

Albisteak

M3moriaren Gunea: hurrengo orria idazteko unea da


(Argazkia: EH Bilduren 2011ko udal kanpainan aurkeztutako M3moriaren Gunea proiektuaren infografia)

| 2021-02-17 12:52:00

Duela hamar urte, Bilduren inguruan batu ginen tradizio politiko ezberdinekook mahai baten inguruan jarri ginen, Gasteizko udal hauteskundeetara aurkeztu behar genuen lehen programa adosteko. Programak itxura hartu zuen itxaropen, ilusio eta sormen handiko giro batean. Jarrera ideologikoak adosteaz gain, hirirako etorkizuneko proiektuak ere definitu genituen, eta horietako asko errealitate bihurtu dira azken hamar urteotan. Euskararen Etxea, Gasteiz Antzokia, Emakumeen Etxea, trena egungo trazaduratik lurperatzea... bilera haietan sortu zen, lehen aldiz, San Frantzisko elizan oroimenerako espazio bat sortzeko proposamena.

Martxoaren 3ko sarraskiaren biktimei justizia egingo dien eta hiriari eta gasteiztarrei omenaldia egiteko eta polizia indarkeriaren biktimak gogoratzeko lekua emango dien proiektua. M3moriaren Gunea izena jarri genion. Urte hauetan zehar, EH Bilduk ekimen ugari aurkeztu ditu hainbat erakundeetan proiektu hori gauzatzeko. Baina, egia esan, oso hitz onekin eta borondate erreal gutxirekin egin du topo.

Handik 5 urtera, 2016. urtean, Juan Carlos Elizalde Gasteizko Apezpiku izendatu zuten, eta EH Bildurik bilera bat eskatu genuen San Frantzisko elizaren etorkizunari buruz hitz egiteko. Hitzordu hartan, EH Bilduren ustez Gasteizko eta Arabako herritar gehienen sentimendua zena jakinarazi genion. Erakundeek martxoaren 3ko biktimekiko begirunerik ez izatearen aurrean eta uztearen aurrean oinaze sakona adierazi genion, baita hiriak 40 urtez eraman zuen zauri emozionala kentzeko urratsak eman beharra ere.

San Frantzisko elizako oroimenerako espazioa eta proiektuak hiriko hainbat eremutan sortzen zuen herri babesa gero eta handiagoa zela jakinari genion. Eta proposamen zehatz bat egin genion. Gasteizko Gotzaindegiaren lehen keinu gisa, erakunde publikoei eta Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteari elizaren erabilera lagatzea proposatu genion. Aditzera ematen genion, proiektuak gero eta herritarren artean babes handiagoa sortzen zuenez, Arabako elizak lehenago edo geroago egin beharko zuen keinu bat zela, eta bere interesetarako komenigarria litzatekeela ahalik eta azkarren eta borondatez egitea. Euren erantzuna EH Bilduren proposamena kontuan hartu eta baloratuko zutela izan zen.

Beste bost urte igaro ziren, eta San Frantzisko elizan oroimenerako espazio bat sortzeko eskariak hazten eta indarra hartzen jarraitu du. 2018an Memoria Gara herri dinamika sortu zen, eta, ibilbide eredugarri batekin, herritarren babesa bildu du, ezinbestez desira kolektibo bat, hiriko behar emozional bat errealitate bihurtzeko.

Orain, hiriko espazio publikoa borrokaz eta duintasunez bustiko duen proiektu baten hurrengo orria idazten hasteko unea da. Martxoaren 3ko borrokarekin eta polizia indarkeriaren biktima guztiekin gizarte gisa dugun zorra kitatzen lagunduko duen espazio baten edukia, eredua eta kudeaketa definitzeko unea da. 1976ko sarraskia azalduko duen gune irekia, herrikoia eta dinamikoa definitzea, baina, aldi berean, egiaren berri emateko, justizia egiteko eta biktimei erreparazioa eskaintzeko balioko duena. Eta prozesu horretan, beste modu batera ezin zitekeenez, biktimak eta herri eragileak kontuan izan behar ditugu, hala nola Memoria Gara, azken urte honetan proiektu honen hurrengo faseari ekiteko oinarri izango den proiektu bat prestatu baitu.

Fase zirraragarri berri bat hasi da, hiriaren oroimenari, biktimen duintasunari eta martxoaren 3ko borrokari justizia egiteko. Ziur gaude Gasteiz egoeraren parean egongo dela.

Ibon San Saturnino

EH Bildu Arabako koordinatzailea