AKTUALITATEA


| 2022-10-01 10:38:00

EH Bilduk gaur bildu du Aguraingo Harresi Aretoan Arabako Batzarra. Bertan, 70 bat bilkide elkartu dira eta ikasturteko plan politikoa izan dute hizpide. Gauzak horrela, krisi ekonomikoak sortu duen egoera larriari erantzutea da EH Bildu Arabaren kezka nagusia eta zentzu horretan, zerbitzu publikoak zein oinarrizko eskubideak defendatzea izango da bere lehentasuna. “Bizitza duinak bermatzeko beharrezko neurriak bultzatuko ditugu”, laburbildu du Ibon San Saturnino Arabako Arduradun Politikoak.

Ildo horretan, EH Bilduk aldarrikatu du “ezinbestekoa” dela neurriak hartzea zerga-politikan aberastasuna banatzeko politikak lehenetsiz,  energia sektoreetan esku-hartuz eta etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta zaintza politiketan urgentziazko soluzioak planteatuz.

EH Bilduren ustez, krisitik haratago herrialdeak baditu azken hamarkadatan hartutako erabaki politikoen ondorioz pilatzen joan diren bestelako arazoak  industria eremuan erregai fosilen eta transnazionalen dependentzia ikaragarria, lehen sektorearen zailtasunak, zerbitzu publikoen prekarizazio progresiboa edota etxebizitza edota bestelako oinarrizko eskubideetara sarrera geroz eta zailagoa.

“Egoera horren aurrean, agerikoa da norabide ideologiko argirik gabeko eta lidergorik gabeko gobernuak ezin diela erronka hauei behar bezala heldu. Lidergo berriak eta gehiengo berriak beharrezkoak izango dira Arabako erronkei soluzio berritzaileak eskaintzeko”, azpimarratu du San Saturninok.

Bestalde, EH Bildu Arabak gogoratu du duela bi urte hausnarketa sakona egin zuela eta ziklo aldaketa baten hasieran geundela esan zuela.  “Lanean jarri ginen Herrialdearen etorkizunaren inguruko hausnarketa eta proposamen estrategikoak egiteko. Araba birpentsatu beharra zegoen hurrengo belaunaldiei bizitza kalitate duina bermatze aldera”, gainerato du Arabako Arduradun Politikoak.

 

 

 

 

 

 

 

Eta lan horrek bere fruituak eman ditu. Asko dira EH Bilduk egin dituen proposamenak zentzu horretan. Horien artean, Aiaraldeako egoera sozioekonomikoa berpizteko Ernaberri plana, Zaintzen arloan adinekoen kalitatezko arreta bermatzeko Bizi ON plana edota 2050erako herrialdearen erabateko deskarbonizazioa lortzeko arnas luzeko Araba Zero Karbono egitasmoa.Herri txikiak biziberritzeko Abagune plana edota Uztaraba Estrategia agroalimentarioa ere lanketa horren adibideak dira.