AKTUALITATEA


| 2021-12-07 12:41:00

Klima Araba 2050 estrategiaren diseinu eta plangintzarako parte-hartze eskasa dela-eta, plan estrategikoa osatzeko lanak luzatzea eskatu du mozio bidez EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan.

Legealdiaren hasieran abiatu zuen Klima Araba 2050 estrategia osatzeko parte-hartze prozesua, baina EH Bilduk salatu du “oso parte-hartze eskasa” izan dela: besteak beste, 333 kontzejuren iritzia jasotzeko ez da biderik ezarri, eta parte hartzera gonbidatutako eragile sozialen % 10ek baino ez du parte hartu, Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Arabaren bozeramailearen esanetan.

“Lurraldearen deskarbonizazioa lortzeko bide orria zehaztu nahi da eta, beraz estrategia hau arrakastatsua izateko hasieratik bukaeraraino gizarteratu behar da, ahalik eta adostasun zabalena izateko. Horregatik, garrantzia berezia dauka hasieratik diseinatu den prozesu parte-hartzaile egokia eta aberatsa ziurtatzea”.