AKTUALITATEA


| 2019-11-01 11:44:00

Euskal Herria Bilduk Laudion (Araba) egin du bere ekitaldi nazionala, eta bertan Iñaki Ruiz de Pinedo eta Oskar Matute Arabako eta Bizkaiko hautagaiek, hurrenez hurren, Espainiako eskuin hirukoitzari soilik mesede egiten dion kanpaina baten aurrean daudela salatu dute. Hala ere, EH Bildu dela Euskal Herrian trifatxoa geldiarazteko alternatiba bakarra argi adierazi dute.

Are gehiago, Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako diputatuen Kongresurako hautagaiak urrats bat harago egin du, eta Madrilen euskal herritarren ordezkari izateko beharra defendatu du, Casadoren PPk darabilen inboluzio antidemokratikoaren aurrean: "PPko presidentea Araban ari da gaur bere hautagaia babesten. Eta hala da, BERE hautagaia delako, Casadoren hautagaia, Euskadiko PPren hautagaia ez dena. PPk, inboluzio antidemokratiko horretan, eskuinera begiratzea erabaki du. Ez dago alde handirik jada, Kolongo argazki triste hartan ukondoa sartzen zutenen artean ".

Gainera, Ruiz de Pinedok, azken hauteskundeetako emaitzak errepikatzeko aukeraren jakitun, euskal gizartea eta, zehazki, Arabakoa gonbidatu ditu apirilekoa errepikatzera, "Araban ere asko daukagu jokoan hurrengo hauteskundeetan. Asko dago jokoan. Eta aukerak argiak dira: EH Bilduk lortzen du ordezkaritza edo, bestela, PPk lortuko du. Demokrazia edo inboluzio antidemokratikoa. Eskubideak edo murrizketak. Hori da jokoan dagoena. Horregatik, aurrerakoiak eta ezkerrekoak sentitzen diren arabarrek, balio demokratikoetan sinesten duten arabarrek, argi izan behar dute EH Bildu delaaukerarik onena eta ondoen ordezkatuko dituena eta, gainera, PP eta Espainiako eskuina ordezkaririk gabe utziko duena”.

Oskar Matute EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak ohartarazi duenez, hauteskunde hauetan partida bat dago jokoan autoritarismoaren eta demokraziaren artean, “euskal gizarteak, konbikzio demokratiko indartsua duten euskal herritarrek argi izan behar dute gauza bat: subiranisten elkarlanak eta indar metaketak bakarrik ekidin dezake Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontraerreforma autoritarioan sakontzeko. Subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik egingo du ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea “.

Matutek salatu du, gainera, Sanchezek eta Estatuko botereek iraganera bidaiatzeko eta neurri antidemokratikoak aplikatzeko duten borondatearen aurrean, Estatuko herri eta nazioek aurrera egitea eta autodeterminazio eskubide demokratikoa praktikan jartzea eragozteko, Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galizako subiranisten elkarlana dagoela, oinarrizko balio demokratikoen defentsarako indar metaketa dagoela. Horrez gain, hauteskunde hauetan "autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida bat" jokoan dagoela ziurtatu du.