AKTUALITATEA


| 2021-06-29 09:10:00

"Anbizio faltaz, apatiko eta bere baitan itxia". Horrela definitu du EH Bilduk Ramiro Gonzalezen Gobernuak bete dituen bi urteak. Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak deitoratu egin du EAJk eta PSEk agindutakoa ia ez betetzea eta 180 graduko bira azkarra behar zenean pandemiarekin gidoia aldatzeko gaitasunik ez izatea: "Araba 20 urte barru nolakoa izango den erabaki estrategikoak hartu behar diren une batean gaude. Baina Gobernua gaindituta eta freskotasunik gabe ikusten dugu".

Horren harira, EH Bilduk gogorarazi du duela bi urte ohartarazi zuela NI-NI gobernua izango zela, eta, gaur egun, hala izaten jarraitzen duela: "Ezkerreko gehiengo bat ez da eraginkorra, PSEk ez duelako nahi, eta hala erakusten dute eguneroko politika kontserbadoreek; bitartean, ez dugu politika subiranistarik egiteko gaiatsunik, EAJk ez duelako hori nahi. Erabaki okerra hartu zuten, gure ustez: alde bakarretik gobernatzea eta gobernantza ezerezean uztea, ez bakarrik etxe honetako alderdi politikoei dagokienez, baita eragile sozialei dagokienez ere".

 “Araba kikildua”

Fdz de Pinedok deitoratu egin du Foru Gobernua lidergorik gabe eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren "atzetik" egotea, bultzatzen ari diren eredua 'Far West' gisa definituz, besteak beste, multinazional handiei ateak irekiz parke eolikoak jar ditzaten eremu babestuetan, nahiz eta Aldundiko teknikariek txosten kaltegarriak egin. Hori dela eta, bozeramaileak salatu du "Araba kikildu" baten aldeko urratsak egiten ari direla: "Zortzigarren kuadrilla ahazten duena -Trebiñu-, upategi txiki eta ertainak babesten ez dituena, despopulazioaren aurkako estrategia integrala jorratzen ez duena eta lurperatzearekin baloiak botatzen dituena  horren ardura bakarra EAJ, PSE eta PPrena denean".

Azkenik, azken hilabeteetan bezala, Fdz de Pinedok eskua luzatu dio berriro Gobernu taldeari, "egoerak hala eskatzen duelako eta Arabak merezi duelako, are gehiago egoera delikatu honetan, horregatik jarraituko dugu proposamenak egiten eta eskua luzatzen", adierazi du. Horretarako, orain arte aurkeztutako planak adibidetzat jarri ditu: BiziOn, San Prudentzio Bizirik, Araba Zero Karbono edo pandemiaren hasieran egindako 80 proposamenak.