AKTUALITATEA


| 2023-01-14 12:19:00

Araba 2023-01-15. «EH Bildun ziur gaude erantzun eta proposamen fidagarriak egiteko garaia dela, ziurtasunen garaia dela eta erantzun horiek guztion artean pentsatu behar ditugula. Urte batzuk daramatzagu Araban etorkizuneko proiektu bat lantzen, kezka handiz ikusten dugulako lurralde honek urteak daramatzala geldirik, bere gobernua inertzian oinarritzen dela eta proiektu berriak, lidergo berriak eta soluzio berriak behar dituela». Halaxe defendatu du gaur Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaiak. 

Zentzu horretan, agintekeriaren aurrean, elkarrizketa eskaini du EH Bilduk, zentralizazioaren aurrean, gertutasuna eta toki erakundeen ahalduntzea, oinarrizko zerbitzuen degradazioaren aurrean, babes-sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa; injustizia sozialaren eta gutxi batzuen pribilegioen aurrean, aberastasunaren banaketa eta «amigismoa» eta ustelkeriaren aurrean, kudeaketaren gardentasuna, aukera-berdintasuna eta zintzotasuna.

«Hori da gure konpromisoa eta horretan ari gara lanean», esan du Lopez de Arroyabek Arabako Batzarrean. «Gaitasuna dugu eta gobernatzen dugun herrietan demostratu dugu. Baina bide hori arabarrekin egin nahi dugu, guztion artean norabide berri hori markatuko dugulako eta etorkizuneko Araba horretan guztiok hobeto biziko gara», gaineratu du.