AKTUALITATEA


| 2023-02-12 13:16:00

Eva Lopez de Arroyabe Arabako Ahaldun nagusigaiak EH Bilduk Aiaraldearekin duen konpromisoa azpimarratu du. Gogorarazi duenez, berehalako ekintza-plana bultzatu du eta horri esker 27 milioi euro inbertitzea ahalbidetuko da. “Ponentzia bat sortzea bultzatu dugu, bertan buru-belarri lan egin dugu, proposamen argiak egin ditugu eta bete dadila eskatu dugu. Orain, kezkaz ikusten dugu inbertsioak nahi baino beranduago iristen direla, edo eskualdearen birmoldaketa sozioekonomikorako oinarriak ezarri behar dituen Plan Estrategikoa nahi baino gehiago atzeratzen ari dela. Baina lanean jarraituko dugu Aiaraldeak etorkizuneko erronkei berme osoz heltzeko plan bat behar duelako”, adierazi du Eva López de Arroyabek.

Arabako Ahaldun Nagusirako EH Bilduren hautagaiak  hitza hartu du Jon Berganza Amurrioko alkatetzarako aurkezpen ekitaldian. Bertan, elkartasuna adierazi dieMadres Mercedarias, Abasolo eta Glavista-Autoglaseko langileei. “Eskualde honek zerbait frogatu badu, etorkizuna ere badagoela izan da eta borrokak fruituak ematen dituela. Abandonantzen den borroka da galtzen den hori eta pertsonen eta lanpostuen duintasuna jokoan dagoenean, horiek defendatzea merezi du. Zuek frogatu duzue”, erantsi du.

Lopez de Arroyabek EH Bilduren konpromiso argia erakutsi du jendearen beharrei erantzuteko. “Ez dira hitzak bakarrik. Ekintzekin egin dugu. Aste honetan bertan, argindarraren eta berogailuaren prezioen gehiegizko igoerei aurre egiteko neurri berriak hartzeko ekimen bat defendatzea egokitu zait. Halaber, elikadura-kate banatzaile handien gaineko zerga bat eskatu dugu. Izan ere, krisia ezin dute betikoek ordaindu, beste batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean”, laburbildu du.

Bestalde, Amurrioko alkategai Jon Berganzak nabarmendu du Amurrion “betiko lozorroan” dagoen gobernu bat dagoela eta, ondorioz eta udal gobernuaren pasibotasunaren aurrean zerbitzuen kalitateak okerrera egin duela.

Amurriok dituen erronken artean, trantsizio energetikoa, etxebizitza edo herritarren parte-hartzea bultzatzea nabarmendu du Berganzak. “Gaur egun ia ezer ekoizten ez duen udalerri batean energia berriztagarria sortzen aurrera egin behar dugu; gainera, energia demokratizatu behar dugu. Ezin gara geldirik geratu etxebizitzaren arazoen aurrean, eta, horregatik, legegintzaldi honetan eraikiko ditugu lehenengo etxebizitza sozialak. Eta guztion artean erabaki beharko dugu kiroldegirako zer kudeaketa-eredu nahi dugun, edo udaltzaingoaren eredu hurbilago bat nahi dugun», gaineratu du.