AKTUALITATEA


| 2022-03-16 10:01:00

EH Bilduk baztertu egin du enpresa pribatu batek Elgea mendilerroan, Miritxa izenarekin, proiektatzen duen zentral eoliko berria. Kasu honetan, Green Capital Development VII, S.L.U. enpresa da, eta 27 megavatioko potentzia duten sei aerosorgailu jartzeko asmoa du. Enpresa horrek Madrilen du egoitza soziala. Gaur egun, Araban 10 zentral eoliko proiektatzen ari dira, eta horiei goi-tentsioko hiru linea, bi zentral hidroelektriko itzulgarri eta zenbait instalazio fotovoltaiko gehitu behar zaizkie.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk Barrundia, Arratzu-Ubarrundia eta Burgeluko Udaletan proiektuak bertan behera uztea eta energia berriztagarriaren hedapena modu ordenatuan egitea defendatuko du. Mozioan gogorarazten da, hain zuzen ere, planifikazio ordenaturik ez egoteak garapen desordenatua eta ekimen pribatuen proiektuak pilatzea ekarri duela. Proiektu horiek, sarritan, irabazi pribatuei erantzuten diete, energia trantsizio arduratsuan aurrera egiteko interes orokorrari baino.

Hori dela eta, EH Bilduk azken proiektu honek eragina duen udaletan eskatuko du Eusko Jaurlaritzak “Aldundiekin eta toki-erakundeekin batera, gure lurraldea eta ingurune naturala errespetatuz, kontrol publikoarekin garatuko den energia berriztagarriko sistemen hedapen ordenatua planifika dezala”. Era berean, erakundeei eskatu die “tokiko energia-komunitateak bultzatzeko laguntzen deialdiak indartu eta areagotzea”.