AKTUALITATEA


| 2020-04-15 16:39:00

Arabako Ahaldun Nagusiak Arabako Lurralde Historikoko udalekin egin duen lehen bilera "informal eta telematikoan" parte hartu dute gaur eguerdian EH Bilduko alkateek, Trebiñuko Konderriko eta Argantzongo udalek izan ezik. Bilera amaitzean, lehen balorazioa egin dute, eta EAJren Foru Gobernuari eskatu diote iraganeko akatsetan ez erortzeko toki-erakundeen finantzaketari dagokionez. "Oso argi dugu krisi honek gure diru-sarreretan eragina izango duela, baina Arabako Toki Erakundeek dagoeneko erakutsi dugu krisialdi honen ondorioei eraginkortasunez eta erantzukizunez aurre egiteko gaitasun osoa dugula, betiere Arabako Foru Aldundiak gure udalekin lankidetza jarrera badu, baina beti udal autonomia errespetatuz", adierazi du Asparrengo alkate Txelo Auzmendik. EH Bilduk aurreratu duenez, horrelako egoera batean, behar sozialak ugaritu egingo dira, eta ez du lekurik izango ordainketa finantzarioak gastu sozialen aurrean lehenestea, zorra erabiltzea galaraztea edo udalek duten soberakinaren erabilera mugatzea.

 

Bestalde, EH Bilduko alkateek lehen bilera hau baliatu dute COVID19k eragindako krisi soziosanitarioaren foru kudeaketaren balantzea egiteko. Zentzu horretan, Foru Gobernuari aurpegiratu diote gizarte zerbitzuen kudeaketa guztiz "kaotikoa" izan dela, eta gabezia larriak jarri dituela agerian langile eta material arloan. Informazio eta koordinazio faltarekin ere bereziki kritikoak izan dira, eta etengabeko inprobisazioa antzeman dutela adierazi dute. Horren harira, nabarmendu dute udalek gainezka egin dutela helburu argirik gabeko informazio-eskaera etengabearen ondorioz, jakinarazi gabeko desinfekzio-lanak egin direla edo jada martxan zeuden beste batzuk ordezten zituzten arreta-programak abian jarri direla.