AKTUALITATEA


| 2021-07-19 11:53:00

EH Bilduren arabera, Arabak eta tokiko erakundeek Ekarpenen Lege berria galdu dute. Hala adierazi du Iñaki Ullibarri EH Bilduren prokuradoreak Arabako ahaldun nagusiaren agerraldian, hiru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak lortutako akordioaren nondik norakoak azaltzeko.


Ullibarrik Bizkaiko Foru Diputatuaren adierazpenak gogora ekarri ditu. Izan ere,  joan den astean akordio horrekin Bizkaiko lurraldea irabazten ari zela ziurtatu zuen Unai Errementeriak. EH Bilduren ustez, akordioa "etsigarria" eta "eskasa" da.


Zehaztu duenez, hamar urtez akordiorik lortu gabe egon ostean, orain aurkeztu dena, funtsean, lege bera da. Horrela, koefiziente horizontala mantentzen da, toki-erakundeek orain arteko finantzazioa izango dute eta bi aldaketa bakarrak betikoen onurarako dira: Bizkaia eta Eusko Jaurlaritza. Koefiziente bertikala eta egokitzapen-funtsa dira. Azken horrek orain bigarren tarte bat du, non Eusko Jaurlaritzak ez duen orain arte bezala % 70eko ekarpena egiten, % 50ekoa baizik.

"Akordio etsigarria da, ezer ez da aldatzen eta betikoei mesede egiten die. Arabako toki-erakundeei dagokienez, geunden bezala geratzen gara, hiru lurralde historikoetatik finantzazio txikiena izaten jarraituko dute. Beraz, akordio txarra da Arabarentzat eta tokiko erakundeentzat", azaldu du Ullibarrik.