AKTUALITATEA


| 2021-07-05 12:40:00

EH Bilduk gaur Ernaberri Aiaraldea aurkeztu du, eskualdearen suspertze sozioekonomikorako ibilbide-orria, lau erronka nagusi planteatzen dituena: Aiaraldeko industria-birmoldaketa, ekonomia zirkularra sustatzea, lehen sektoreari balioa ematea eta zerbitzuen sektoreari lotutako enplegu-nitxo berriak bilatzea. Lehen urrats gisa, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Berpiztu planaren barruan, Arabako Foru Aldundiak 24 milioi euro inbertitzeko asmoa du, eta EH Bilduk funts horiekin finantzatu beharreko zazpi proiektu aurkeztu ditu gaur.

 

Aiaraldea sustatzeko zuzendaritza bateratu bat sortzea; altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzea; lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzea; turismo jasangarria sustatzea, Nerbioiko parke lineala amaitzea etxebizitza birgaitzea eta hiria birsortzea, eta sukalde zentraleko sistema bat sortzea dira zortzi proiektu horiek.

 

Ernaberri Aiaraldea Planaren aurkezpenean, eskualdea osatzen duten bederatzi udalerrien ordezkariak izan dira. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituen funts horiek lurraldearen mugak gainditu eta eskualdeko bederatzi udalerrietara heldu behar dira. “Badakigu Arabako Foru Aldundiak enpresa batera jo duela 24 milioi euro horiek zertan inbertitu erabakitzeko. EH Bilduk zortzi proiektu traktore hauek planteatzen ditu eskualdearentzat, zimenduak jarri behar baitituzte lurraldearen birmoldaketa sozio-ekonomikoari ekiteko”, azaldu dute Joseba Vivancok eta Irune Iturbek, Artziniegako alkateak eta Aiaraldeko ordezkariak EH Bildu Arabaren mahai politikoan, hurrenez hurren.

 

Inbertsiorik handiena, guztira 6 milioi eurokoa, altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzeko planteatzen da, horrela energia-kontsumoa eta co2-isuriak murrizteko, hondar-beroa berreskuratzeko eta energia berriztagarriak in situ ekoiztu eta kontsumitzeko. “Uste dugu eskualderako traktoreak diren enpresetan ez dela nahi adina inbertitu, eta azken belaunaldiko altzairutegi eraginkor bihurtu arte egin behar dugula aurrera”, zehaztu du Iturbek.

 

Beste 5 milioi euro lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzeko erabiliko dira. Horren adibide dira Lavesa, Cortasa, Valvospain, Gama edo Somolsako kokaleku zaharrak. Kokaleku horiek berreskuratu egin behar dira etxebizitza-eremu, ekipamendu- eta aisialdi-eremu edo, bestela, berrerabili eta industria-proiektu berriak bertan kokatzeko. Kasu honetan, EH Bildu dibertsifikazioaren eta ekonomia zirkularra bultzatzearen alde dago. Hala, birziklapena eta berrerabilpena  bultzatu behar direla planteatu du, eta teknologia berrien eta osagai elektronikoek sortzen  dituzten materia kritikoak birziklatuz gune berri bat irekitzeko apustua egin du.

 

Etxebizitza, turismoa eta lehen sektorea

 

Bestalde, 3,5 milioi euro erabiliko dira etxebizitza zaharberritzeko eta hiri-gune degradatuak birsortzeko. Birgaitze energetiko pasiboa eta aktiboa, irisgarritasuna hobetzea, hiri-ingurune degradatuetan inbertsioak egitea eta ondare historikoan eta hirigune historikoetan esku-hartzea dira pakete horren ardatzak.

 

Beste 5,5 milioi euro turismo jasangarria sustatzeko eta Nerbioiko parke lineala amaitzeko erabiliko lirateke. Lehenengo kasuan, ekoturismoarekin eta landa-turismoarekin lotuta, aisialdi-bainurako urmaelak, camping ekologikoak eta Nerbioiko parke linealarekin loturak sortzea planteatzen da. Bigarren kasuan, ibilbide nagusian Delika eta Amurrio arteko lotunearekin bukatzeaz gain, meandroak berreskuratzea eta gainerako berdeguneak egokitzea proposatzen da.

 

Azkenik, eskualdeko jantoki kolektiboak eta bestelako beharrak dituzten herritarrak elikagai osasungarriz hornitzeko asmoz sukalde zentral bat sortzea eta Aiaraldea sustatu eta garatzeko zuzendaritza bateratua sortzea ere planteatzen da.

 

Joseba Vivancok gogorarazi duenez, pandemiak, energia-trantsizio atzeraezinak eta ikuspegi estrategikorik ezak bizkortu egin dituzte Airaldeako sare sozioekonomikoan, bereziki industria-eremuan, ikusi ziren agortze-sintomak. Horregatik, enpleguaren aldeko herri-mobilizazioa babesteaz gain, EH Bilduren ustez ezinbestekoa da hausnarketa estrategikoari ekitea eta alternatiba erreal, egingarri eta itxaropentsua eskaintzea.

 

Hortik jaio da Ernaberri Aiaraldea. Industria-birmoldaketarekin eta ekonomia zirkularra bultzatzearekin batera, EH Bildu ekoizpen ekologikoa, tamaina txikiko ustiapenak eta balio erantsi handiko elikagaien ekoizpena sustatuko dituzten landa-garapeneko planak garatzearen alde dago. Azkenik, zerbitzuen sektorean, kalitatezko enplegua sortzearen aldeko apustua egin du zaintzen inguruan, ostalaritzaren eta aisiaren sektorea eraldatu -kontsumo-sare berrietara egokituz- eta turismo-sektorea bultzatzeko, Arabako beste eskualde batzuekin lankidetzan.