Araba

Albisteak

EH Bilduk tokiko erakundeen zereginari buruz hausnartzeko prozesua jarri du abian


Udalak eragile komunitario eraginkor bihurtzeko eta proiektuen kudeaketan oinarritutako instituzionalizazioaren inertziekin amaitzeko da apustua

| 2021-02-16 10:26:00

Nolakoa izan behar du etorkizuneko tokiko erakundeen dinamikak? Galdera horri erantzun nahi dio EH Bilduk, erakundeen zereginari buruz abian jarritako hausnarketa-prozesuaren esparruan. EH Bilduk, gaur egun, 121 zinegotzi ditu Araban 37 udaletan banatuta, eta uste du jauzi kualitatiboa eman behar dela udal kudeaketa ulertzeko moduan.

 

Horretarako, eztabaida bat jarri du abian lurraldeko zortzi eskualdeetan. Otsailean abiarazi da prozesu hori bilera telematikoen bidez. EH Bilduren ustez, krisi politiko bat dago alderdi politikoetan, sindikatuetan eta erakundeetan eta horrek konfiantza galtzea eragin du. Uste du, halaber, bizitza politikoan parte hartzeko bideek gabezia larriak dituztela, eta, beraz, politika egiteko modu berri bat sortu behar dela, erakundeek gizarte zibil antolatuarekin eta eragile ekonomikoekin batera lan egin ahal izateko,  munizipalismotik gizartea aldatzea ahalbidetuko duen praktika berria.

 

 

Prozesu honen helburua da udalak eragile komunitario eraginkor bihurtzea, udal-lana optimizatzea, proiektuen kudeaketan oinarritutako instituzionalizazioa amaitzea eta gobernantza-ereduetan funtsezko aldaketak egitea”, azaldu du Ruth Ibisate EH Bildu Arabako Udalgintzaren arduradunak.

 

EH Bildurentzat lau jarduera-ardatz daude: emantzipatutako komunitatea sustatzea, ekonomian esku hartzea, erakundeen eta gizarte zibil antolatuaren arteko elkarreragina sortzea eta zerbitzu publikoak berreskuratzea. Lehenengo eremuan, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da herritar guztien eskubideak bermatzea, haien beharrei erantzungo dien eredu ekonomikoa garatzea eta autoritarismoaren eta xenofobiaren aurrean elkartasun-boladak sortzea. Hizkuntza eta kultura babestea ere barne hartzen du, baita despatriarkalizaziorantz eta baliabide naturalen defentsarantz joateko beharra ere.

 

Bigarren esparruan, lurraldeko enpresei interpelazioa egitea proposatzen du, herri-eraikuntzaren prozesuan parte har dezaten eta ekoizpen-eredu berri baterantz aurrera egin dezaten. Hirugarren jarduera-ardatzean, erkidegoko gobernantza-sistema batean sakondu behar dela dio, non gizarte zibilak eta udalak, eragile ekonomikoekin batera, hierarkizatu gabeko harremana posible den espazioak aurkituko baitituzte.

 

Ildo horretatik, EH Bilduren ustez beharrezkoa da goitik beherako politikekin bukatzea eta erakundeen eta gizarte zibil antolatuaren arteko elkarreragina artikulatzea, horrela, potentzial eraldatzailea biderkatu egiten baita. Helburua da erakundeen indar soziala eta baliabideak norabide eraldatzaile berean lerrokatzea, gizarte zibila ahalduntzeko eta udal gobernua prozesu komunitarioaren zerbitzura jartzeko.

 

Azkenik, nabarmendu behar da beharrezkoa dela zerbitzu publikoak berreskuratzea, kalitatezko ondasun eta zerbitzuen eskaintza unibertsala eta kalitatezko enpleguaren defentsa bermatzeko.