AKTUALITATEA


| 2021-07-23 09:54:00

EH Bilduk salatu duenez Foru Gobernuak berriro baztertu ditu Trebiñuko herritarrak laguntza publikoen deialdi batean. Kasu honetan, unibertsitatez kanpoko prestakuntza arautua eskuratzeko laguntzak dira. 84.000 eurotik gorako partida da, 2020/2021 ikasturtean batxilergoko ikasketak eta erdi edota goi mailako heziketa zikloak egin dituzten ikasleentzat, gehienez 150 kilometrora dagoen beste udalerri batera joan behar badute.

 

Beste deialdi batzuetan egin duten bezala, Arabako Foru Aldundiak baldintza gisa sartu du ikasleak Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egotea, eta horrek, de facto, Trebiñuko ikasleak kanpoan uzten ditu. EH Bilduren Arabako Batzarkide Taldeak erabakia kritikatu du eta Lurralde Orekako Departamentuari ezohiko egoera hori konpontzeko eskatu diote. “Badakigu foru diputatuak deialdia zuzentzeko konpromisoa hartu zuela, baina kontua da epea amaitu dela eta, beste behin ere, Trebiñuko bizilagunak kaltetuta atera dira. Ezin da esan gainerako arabarron eskubide berberak dituztela, eta gero halakotzat ez hartu”, salatu du Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduko prokuradore Iñaki Ullibarrik.