AKTUALITATEA


| 2022-10-26 10:30:00

Araba. 2022-10-26 | Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete neurriak har ditzatela laboreak dibertsifikatzeko eta lurraldean bertan kontsumitzeko, Arabako elikagaien mendekotasuna murrizteko helburuarekin. Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko prokuradoreak aurkeztu zuen jatorrizko mozioa, eta, EAJren eta PSEren ekarpenen ondoren, Legebiltzarreko alderdi guztiek babestu dute.

Eva Lopez de Arroyabek «errealitate berrien aurrean, neurri berrien beharra» defendatu du, Ukrainako gerrari erreferentzia eginez, baina ez du egungo egoera gatazka horri bakarrik egotzi nahi izan: «Hau aspalditik dator, egiturazko egoera bat da, nekazaritzako elikagaien eredua eraldatzea beharrezkoa egiten duena».

Lopez de Arroyaberen arabera, «Araba aukeraz beteriko lurraldea da», lurra badelako eta lantzen duenik badelako, eta elikadura-subiranotasuna inoiz baino beharrezkoagoa da, hainbat krisik eragindako hornidura-gabeziaren aurrean: «Sektoreak alternatibak behar ditu, eta gizarteak segurtasuna behar du».

Dibertsifikazioa eta eraldaketa

Adostutako mozioan, pentsuen, zerealen eta bazken sektorearekin lankidetzan aritzeko eskatzen zaie erakundeei, animalien elikadurarako lehengaiak hornitzeko merkataritza-akordioak bultzatzeko, kanpoko mendekotasuna murrizteko helburuarekin. Gainera, sektoreko eragileekin batera, ekoizpenak dibertsifikatzen lagunduko duten praktikei eta neurriei buruzko aholkularitza eta zabalkundea ematea eskatzen da, ustiategien errenta hobetzeko.

Errealitate aldakor baten aurrean, mozioak eskatzen du nekazaritza- eta abeltzaintza-praktika erresilienteagoak sustatzea aldaketa sozioekonomiko eta klimatikoen aurrean, eta Aldundiaren laguntzekin uztartzea, Arabako produkzio-sarearen bideragarritasunari eusteko. Azken puntuan, zerealak eraldatzeko proiektuak bultzatu nahi dituzten kooperatiba eta sustatzaileekin lankidetzan aritzeko eskatzen zaie erakundeei, lurraldeko lehengaiei balio erantsia emateko.