AKTUALITATEA


| 2021-07-01 09:42:00

Trantsizio Energetikorako Behatokia sortzea proposatu du EH Bilduk, bere garapenean kontrol publiko eta demokratikoa bermatzeko. Duela gutxi Arabako Foru Aldundiak aurkeztu duen Klima Araba 2050 Estrategiari EH Bilduk egindako ekarpenetako bat da. Lehen fase horretan, Klima Araba 2050 lehen diagnostikoa egin da, eta ildo estrategikoak eta lortu beharreko helburuak zehaztu dira, bai emisioak murrizteari dagokionez, bai klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeari dagokionez.

 

EH Bildurentzat, oro har, asmo gutxiko plana da, agertokiak zehazten ez dituena eta nazioarteko itunek ezarritako helburuak beteko ez dituena. Horregatik, EH Bilduren ustez estrategia horren helburua 2050rako herrialdearen deskarbonizazioa izan behar da, hau da, karbonoz neutroa den lurralde bat lortzea. Era berean, adibidez, energia-kontsumoa murriztu eta energia-subiranotasunerantz jo behar dela planteatu du. Lehenengo kasuan, “baliabideen eta prozesuen optimizazioa eta eraginkortasuna” ildo estrategikoa ordezkatuko luke, eta bigarrenean, berriz, “energia berriztagarri banatuak sortzeko eta kontsumitzeko trantsizioa” osatuko luke.

 

Bestalde, EH Bilduk hiru proposamen berri planteatzen ditu: mugikortasun iraunkorra eta erresilentea lortzea, gaur egun Altsasu-Miranda linean eta C3 Aiaraldea linean gutxi erabiltzen diren trenbide-azpiegiturak modernizatuz, nekazaritzako elikagaien estrategia bat egitea eta Arabako Nekazaritzako Elikagaien Kontseilua sortzea, eta hiri-hondakinak gutxitzea, ekonomia zirkularra sustatuz.

 

EH Bilduren ekarpenen artean nabarmentzekoa da, halaber, bazterketa-eremuak zehaztu behar direla, energia berriztagarrien ekoizpena zabaltzeko, bai ingurune naturaletan, bai nekazaritza-balio handiko lurretan.