Araba

Albisteak

EH Bilduk onartezintzat jo du mendekotasun balorazioen atzerapenen ondorio ekonomikoak eta asistentzialak familiek euren gain hartu behar izatea


Claudia Venceslaoren ustez, gutxienez zortzi milioi euro handitu behar dira Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen partidak eraginkortasunez erantzun ahal izateko, bai pandemiaren ondorioz sortutako beharrei, bai Arabako egungo gizarte-politikek dituzten egiturazko gabezia larriei.

| 2020-11-19 10:43:00

EH Bildu-k Gizarte Politiketako Foru Diputatuaren agerraldia eskatu du Gizarte Ongizateko Batzordean, Arabako mendekotasun balorazioetan pilatzen ari diren atzerapenen arrazoiak azaltzeko. Horrez gain, EH Bildu-k "oso larritzat" jo duen arazoa konpontzeko Foru Gobernuak erabiliko dituen mekanismoei buruz ere galdetuko dio.

Claudia Venceslao batzarkideak jakitera eman duenez, EH Bildu-k mendekotasun balorazioetan dagoen "atzerapen larriaren" berri du. Balorazio horiek dira mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko baliabideak, prestazioak eta zerbitzuak eskatzeko lehen maila, eta horregatik da garrantzitsua mendekotasuna orientatzeko eta baloratzeko programa bat izatea, epe labur batean erantzun ahal izateko.

"Oso larria da familiek hilabetetan zehar balorazio horien zain egotea. Alde batetik, bakarrik hartzen dituzte beren gain mendeko pertsonen zaintzak; bestetik, zainketa horien kostu osoa estaltzen dute", adierazi du Venceslaok.

EH Bildu-k bere garaian salatu zuen akats larria zela martxotik maiatzera bitartean mendekotasuna baloratzeko zerbitzua geldiaraztea. Edonola ere, eta geroago eskatu duen bezala, Venceslaok uste du ezinbestekoa dela Aldundiko gizarte-zerbitzu guztiak indartzea, mendekotasunari lotutako premiei eraginkortasunez aurre egin ahal izateko.

Azkenik, eta arazo horri irtenbidea emateko, EH Bildu-k, aurrekontuei begira, GOFE-ren partidak gutxienez zortzi milioi eurotan handitzeko beharra planteatu dio Ahaldun Nagusiari, pandemiak eragindako beharrei eta Arabako egungo gizarte-politikek dituzten egiturazko gabezia larriei eraginkortasunez erantzun ahal izateko.