AKTUALITATEA


| 2021-05-21 11:11:00

EH Bilduk Arabako lurraldearen osoan zehar kontrolik gabe ugaritzen ari diren energia berriztagarriarekin lotutako proiektuen inguruko alarma piztu du gaur. Izan ere, Arkamo, Iturrieta, Labraza, Azazeta eta Arlabanen proiektatu diren zentral eolikoei neurri handiko zentral fotovoltaikoak ere proiektatzen ari dira orain. Kasu honetan ekimen pribatuak bultzatzen ditu Arabako Lautadan eta Gasteizko hiriburuaren inguruan. EH Bilduren arabera, Eusko Jaurlaritzaren utzikeriak eta plangintzarik eta adostasunik ezak eragin dute kaos  eta anabasa hori. Hori dela eta, ekimen bat erregistratu du lurraldeko udal guztietan, energia berriztagarriak modu antolatuan, planifikatuan eta deszentralizatuan zabaltzeko eta, bitartean, proiektu handi guztiak geldiarazteko.

 

Ruth Ibisatek eta Arantza Arranzek Arraia-Maeztu eta Arratzua-Ubarrundia udaletako bozeramailek, hurrenez hurren, azaldu dute egoera. Izan ere, Solaria (Ibex 35) enpresak 100 hektarea laborantza-lur okupatu nahi ditu eguzki-plakak jartzeko. Kasu honetan, EH Bilduk proiektuaren berri izan du, enpresa lursailaren jabeekin 26 urterako lagapena (35 urtetara luzatzeko aukerarekin) negoziatzen ari delako. Okupatu nahi den lurraren% 75 nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerarako lur komunala da. Proiektuaren xehetasunak ezagutzeko asmoz, EH Bilduren galdera batzuk aurkeztu ditu Udaletxean. “Zalantza asko sortzen zaizkigu ekimen honen inguruan; eragin handia izango du, lehen sektorean aritzen direnekin bizimoduarekin amaituko du eta elikagaiak ekoizteko aukerak murriztuko ditu”, azaldu du Arantza Arranzek.

 

Arratzua-Ubarrundiako eguzki-proiektu horri beste batzuk gehituko zaizkio Gasteizko hegoaldean edo Agurain eta Iruraiz-Gauna artean. Hori guztia Eusko Jaurlaritzak Iturrietako, Arkamoko, Azazetako, Arlabango edo Labrazako mendietan bultzatutako zentral eolikoak ahaztu gabe. Badira ekimen pribatuko beste proiektu eoliko batzuk ere, hala nola, Euskal Haiziek Gesaltzan bultzatzen duena edo Norvegiako estatuaren jabetzakoa den energia sortzeko Statkraft enpresak Aramaion instalatu nahi duena.

 

 

“Enpresa pribatuek indarra hartzen ari den sektore batekin, energia berriztagarriekin alegia, aukera bat ikusten dute gure lurraldean negozioa egiteko. Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren erantzukizuna da arlo honetan eskua hartzea eta klima-aldaketaren aurkako borrokari modu ordenatu eta adostuan ekitea”, nabarmendu dute Ibisatek eta Arranzek.

 

Horregatik, EH Bilduk dagoeneko Arabako Udaletan erregistratu duen ekimenean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio “energia berriztagarrien hedapena modu antolatu eta planifikatuan egingo dela bermatzea, herritarren interesak errespetatuz eta lurraldeko ingurumen balioen zaintzarekin bat etorriz”. Era Berean, planteatu du  “Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) onartze prozesua ahalik eta azkarren bideratzea, izapidetze prozesuan ahalik eta kontsentsu politiko, sozial eta instituzional handiena bilatuz”.

 

Bestalde, energia berriztagarrien inguruko plangintza egiterako orduan, lehenetsi ditzala berriztagarrien hedapen deszentralizatua eta biziki antropizatuak dauden kokalekuak lehenestearen aldeko apusua egiten du EH Bilduk. Eta nola ez, LPSa izapidetu bitartean ez dezala aurrera egin ingurumena eragina izan dezaketen partaidetza publikoko energia berriztagarriko proiektuetan exijitu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari.