AKTUALITATEA


| 2022-03-16 14:04:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak bi mozio eraman ditu gaur Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkurara: lehena, Kontzejuen Foru Araua ikuspegi feministarekin gaurkotzea eskatzeko, eta bigarrena, ASASAM elkarteak kudeatzen duen gaixotasun mentala duten Aiaraldeko gazteentzako etxebizitza bat ez kentzea eskatzeko.

Kontzejuen Foru Araua ikuspegi feministarekin gaurkotzeko mozioa aurrera atera da EAJ, PSE eta PP taldeen babesarekin; abstentzioa bozkatu du Elkarrekin Podemos taldeak. Adostutako mozioaren helburua da emakumeen partaidetza soziopolitikoa sustatzea; izan ere, 1995eko araua da, eta hiru aldiz aldatu den arren, inoiz ez da planteatu halako aldaketarik. Halaber, aldaketa prozesua kontzejuen ordezkaritzarekin elkarlanean egitea eskatzen da, ahalik eta kontsentsu zabalena lortzeko. Aldaketek bat etorri beharko dute Eusko Legebiltzarrean orain gutxi onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren Legeak dioenarekin.

Amaia Andrieu batzarkideak esan duenez, «mugimendu feministaren ekarpenak instituzioetan aintzat hartzen direla erakusteko aukera izan daiteke Kontzejuen Foru Araua feminismotik berridaztea». «Ea denon artean gai garen sexu-genero bereizkeriari aurre egiteko baldintza objektiboak maila juridikoan ere sortzen jarraitzeko», esan du Andrieuk bere hitzartzearen amaieran.

Gaixotasun mentala duten gazteen arreta

Era berean, EAJ eta PSEren gobernuak baztertu egin du Aiaraldean gaixotasun mentala duten gazteei arreta emateko zerbitzuak mantentzeko mozio bat. Zehazki, mozioak eskatzen du ASASAM elkarteak kudeatzen duen gaixotasun mentala duten gazteentzako pisu batean ematen den zerbitzua mantendu dadila, Emilio Sola diputatuak zerbitzua «berrantolatzeko» asmoa iragarri ondoren. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk mozio bateratua adostu dute, eta, beraz, oposizioak bat egin du, beste behin ere, Gobernuak etxebizitza komunitarioaren zerbitzua mantentzeko eskatzeko.